Auzolana, emakumeon aliantzak josteko erraminta

Etxaldeko emakumeen taldeak deituta, neguko auzolana egin dugu 14 lagunek pasa den urtarrilaren 27an. Lekua, Antzuolako Pikunieta baserria (Gipuzkoa). Mendi-mendian. Egitekoak, gaztategia eta biltegia margotzea eta artegiko azpigarriak aldatzea. Baina lan zehatz horietan laguntzetik haratago, auzolana aukera ederra izan da Josebe Blanco eta Exkerra artzainen errealitatea ezagutzeko. Eta, bide batez, auzolana beti da une egokia konplizitateak josteko, beste kide batzuk ezagutzeko, bizitza partekatzeko... Mugimendu feminista baserritartzea eta emakume baserritarrak feministatzea da Etxaldeko emakumeen taldearen helburua, eta bide horretan argi dute elkar hartzeko modu ezin egokiagoa dela auzolana.

Goizeko 9etan ipini genuen hitzordua Antzuolako plazan. "Bergaran egin bazenute hobe, hau Antzuola da baina Bergaratik dago hurbilago!", Josebek. Bai izan ere! Abiatzerakoan GPS-a aldapan gora mareatu zitzaigun eta alperriko bidetik eroan gintuen Antzuolatik gora... Buelta eta Bergarara, handik Elosu gainera, eta bertatik ere kosta zitzaigun pista egokia hartzea. Lekutan dago Pikunieta, batez ere ezagutu ezean. Elosu gainaren eta Irimo mendiaren arteko maldetan; Antzuola, Bergara, Azkoitia eta Zumarragako lurren mugaldean.

Duela 30 bat urte Exkerrak eta bere bi lagunek egindako apostua izan zen Azkoitiko kaletik Pikunietara bizitzera joatea. "Baserritik bizi eta kolektiboan bizi, horixe zen gure nahia". Eta horretarako, ez zuten bide errezetik jo. Pikunieta baserria erreta zegoen, harri batzuk baino ez ziren geratzen, eta bere gainaldean pinua matarrasean jo berria. Horixe zen guztia. Eta eutsi zioten erronkari. Berreskuratzea lortu den baserri proiektu bakoitzak bezala, Pikunietak ere bere liburu potolo propioa idazteko haina emango luke. Lan asko, gorabehera asko, eta proiektu kolektiboek dakarten erronka berezia... Urteak pasa dira, eta Pikunietan dihardute Exkerrak, Josebek eta etxeko hiru haurrek. Artzain baserria da, nekazaritza iraunkorrarekin erabateko konpromisoa duena: txikitik, ekologikotik eta zirkuitu laburretik egiten dute bidea. Emaitza: sekulako gaztak! Krematsuak, Ossau erako handiak, gazta urdina... Pikunietakoak EHKOlektiboko kideak dira hastapenetik, eta haien etxea izan da oraintsu Baserriko Uzta ekimeneko lehen kokalekua, Anariren kontzertuarekin.

Auzolana, monjorra eta bisita

Iritsi, taldeko argazkia atera eta lanera! Hiru taldetan banatu ginen: batzuk gaztategiko sapaiak margotzera (urtero egin behar zaie mantenimendua, gazta egiteak dakarren hezetasunagatik), beste batzuk biltegia hustu eta margotzera, eta besteak kortako azpigarriak atera eta aldatzera. Ze gauza handia den auzolana! Hainbeste lagunen artean arin egin genituen lanak. Bitartean, taldetxoan elkarrekin egokitu ginenok gure bizipenak partekatu genituen. Hori ere auzolanaren handitasuna da, benetan.

Denetariko emakumeak batu ginen: gutako bost erabat ari dira baserriko lanetan, beste bi dedikazio partzialarekin, eta beste bost elikadura burujabetzaren arloan edo eta mugimendu feministan ekarpena egiten ari diren kaletarrak dira. Kide gazte bi ere izan genituen, lagun bat bere bi alabekin etorri baitzen auzolanera! (Neka-neka eginda eta pozik itzuli ziren etxera, artean bi bildots ere jaiotzen ikusita). Batzuk elkar ezagutzen ginen, Etxaldeko emakumeen taldetik, Baserritik Mundura ikastalditik, edo Bilbo inguruko mugimendu feministatik... Pikunietan konplizitatea, gazta bezala, solidoago egin zen.

Denon artean eroandako janari-edariekin atondu genuen monjorra sukaldean. Hemen ez da jaki txarrik! Bertokoa eta sanoa den-dena. Pikunietako gazta bikaina ere dastatu genuen, noski.

Eta amaitzeko, Josebe gidari, Esne-bidea egin genuen. 131 ardi latxa artaldea dute uneotan, eta berriak egunero ari dira jaiotzen, "jada gutxi falta dira erditzeko". Etxe inguruko larre malkartsuak eta Elosu aldetik Irimorantza dauden hainbat sail erabiltzen dituzte bazkatzeko, eta beste hainbat errentatuta dauzkate bedar sikua egiteko: "gero eta zailagoa da ardiak mendian solte eta lasai bazkatzea, gero eta itxitura gehiago, gero eta arazo gehiago txakur solteekin mendian dabiltzan oinezkoekin edo motorretan dabiltzanekin...". Egun artzaintza estentsibo eta iraunkorrak daukan arazo handienetakoa aipatu zigun. Izan ere, norena da mendia? Erantzuna "denona" bada, nola moldatu behar dugu, milaka urtetako artzain bizibideari duin eutsi eta etorkizuna bermatzeko?

Etxe irekia da Pikunieta. Arantzazuko Artzain Eskolako ikasleen praktika lekua izan ohi da. WWOOF sarean ere badaude (https://wwoof.es/), eta mundu osoko gazte boluntarioak jasotzen dituzte lanerako mantenu truke; "gutxienez hiru asteko egonaldia egitea eskatzen diegu, ikasten dutena benetan egiteko". Elma, injeniari gazte katalana egokitu da oraingoan etxean. Gurekin dabil bera ere, baserria erakusten.

Belarra sikatzeko erdialdeko Europan oso erabilia den haize bidezko lehorlekua erabiltzen dute, belar ona lortzeko beti zeruari begira ibili gabe... Eta ardiak jezteko lekuak eta gaztategia ikusiz amaitu dugu ibilbidea. Ikasi eta aprobak egin zale da Josebe. Orain gazta urdinarekin ari da: "ikasi dugu nola doan bere artzidura, desberdina baita, eta ikasi ditugu bere arazoak ere...".

Ikasteko prestutasuna, horixe baita Josebe irakaskuntzan aritzetik artzaintzan jardutera eraman zuena: "kontrolatzen nuen lan eremua utzi nuen, eta erronka bat zen arlo berri batean moldatzen ikastea, baina hemen gaude!". Eta esan dezakegu ikasteko eta ekiteko irrika hori eredugarri iruditu zaigula. Eta mendiari lotutako artzaintza artisauari duin ekiteko daukan indarra ere bai.

Etxaldeko emakumeok bagoaz bueltan mendian behera. Nekatuta eta era berean pilak ondo kargatuta. Hurrengo auzolanari ekiteko prest. Aliantzak sendotzen jarraitzeko prest.