Elikadura 21: Mixel Berhokoirigoin (Bideokonferentzia)

Argia.eus | PELLO ZUBIRIA KAMINO | ELIKADURA21
Mixel Berhokoirigoinen galderak nekazaritza iraunkorraren geroaz... bideokonferentziaz luzatuak

Elikadura 21 biltzarra irekitzeko saio nagusian egotekoa zen Mixel Berhokoirigoin, Euskal Herrian elikadura burujabetzaz eta nekazaritza iraunkorraz interesatzen direnen erreferentzia nagusia. Ez zuen, ordea, Gasteizeraino hurbiltzerik izan, ETAren desarmatzeko mugimendu zibilean egindako lanaren ordainetan Parisko epaile batek Frantziatik irtetea eragotzi diolako.

Berhokok bideoz eman zuen bere hitzaldia, Europa jauregian bildutakoek txalotu zutena eta ARGIAk transkribiturik hemen eskaintzen duena.Nekazaritzaren egitekoa baldin bada munduari elikadura sortzea, jendeak elikatzea, kantitatez eta kalitatez... arazoa da ikusten dugula gaurko munduan mila milioi jende daudela goseak, beste mila milioi gehiago gaizki elikatuak…

Ez da arazo teknikoa, politikoa baizik. Munduko mapa bat egin dezakegu azalduz non diren jende gosetuak eta non jende ondo aseak. Eta gero eginen dugu beste mapa bat gure planetaren lurrak klasifikatuz beren emankortasunaren arabera, hobeak eta txarragoak. Pentsa liteke bi mapek berdintsuak beharko luketela, gaizkien elikatua den jendea bizi beharko lukeela lur txarrenak diren eremuetan, horrek baluke koerentzia bat. Baina ez da horrela gehienetan, lurrik onenak diren lekuetan askotan jendea goseak bizi da.

Beraz, ez da arazo teknikoa, politikoa baino. Esan nahi du lur emankor horietako lurra emankorra izanik ez dela erabiltzen bertako biztanleak asetzeko, baizik eta beste helburuetarako. Edo hazkuntza industrialak elikatzeko, agro erregaiak egiteko, eta abar.

Beste adibide bat, bada 60 urte xutik ezarri zela Europako nekazaritzako politika. Urte horien ondoren ikusten dugu ekoizpen batzuk defizitarioak direla, beste batzuek superabita ematen dutela. Azukrea, behi esnea… gutxiegi zen duela 25 urte eta orain eszedenteak ematen dituzte. Aldiz, proteinei begiratuz, lehen defizitean baldin baziren defizita handiagotu da, ardi haragi eta beste. Zer esan nahi du, europarrok gai garela azukrea edo behi esnea egiteko eta ez dakigula ardi haragia egiten? Edo gure lurrak onak direla baterako eta txarrak besterako?

Ez: koadro politikoek ematen dute esplikazioa. Europan badira produktu batzuk munduko konkurrentziaren aurrean babes bat eduki dutenak, eta beste batzuk babesik gabe merkatu librearen menpe geratu direnak, autosufizientzia eragotziz.

Beraz, Elikadura Burujabetzaren mamia da nekazaritzari koadro politiko bat ematea merkatu librearen menpekotasunetik ateratzeko. Hori da baldintzetarik bat, koadro juridikoa eta politikoa, merkatu librearen gainetik jartzea Elikadura burujabetzaren helburua.

Baina hori ez da aski. Munduan lur guztiak ez dira berdinak baina denek dute beren zeregina elikadura burujabetzarako. Lur bakoitzak baditu bere gaitasunak, berezitasunak, baldintza fisikoak, mikroklima… Munduko lurrak berdinak ez direnez, laborantzak ez dira berdinak izan behar. Munduko laborantza baino… munduko laborantzak.

Horra laborantza lekukoak, agroekologiaren bidean, lekuan lekuko berezitasunekin, arrazekin.

Orain galdera batzuk baditut biltzar honetako debateetarako, desafio batzuk.

Badakigu agro-industria ez dela antolatua jendeak asetzeko. Baina errealitateak erakusten digu ere munduan jendeak kontzentratzen ari direla hiri handietan, megapolietan. Nola elikatuko ditugu megapoli horiek? Lekuko laborantzekin ezin baldin bada, nola? Zer nolako agro-industria behar dugu elikaduraren zerbitzuko? Zer agro-distribuzioa behar dugu magapoliak asetzeko?

Bestetik, teknikei dagokien galdera. Teknikoki posible dena beti pentsatzen da aplikatu behar dela, pentsatu gabe on den ala ez, “posible da, beraz aplikatuko dugu”, eta erabaki politikoak horien arabera antolatzen dira. Nola kontrolatu teknikak? Gero eta gehiago bagoaz sistema artifizializatu batera, robotizaziora, pertsonaren eta herrien autonomia suntsitzen duen sistema batera. Nola kontrolatu teknologia, honekiko daukagun menpekotasuna? Nola ezarri teknologia eredu baten zerbitzuko eta ez eredua teknologiaren zerbitzuko?

Azken puntua, guk nekazari bezala eskatzen ditugu prezio duinak, gure lana duin pagatua izan dadin, elikadura on eta sanoa ekoiztearen truke. Nola uztartu prezio duinak nekazarientzat eta prezio jasangarriak aberatsak ez diren kontsumitzaileentzat ere? Zer paper jokatu behar du horiek uztartzen nekazal politikak, laguntza publikoek?

JATORRIZKO ALBISTEA ARGIA.N: IKUSI