Herri Txikien Erronka: Nortasunari Eutsi eta Bizirik Segi

[GARA/NAIZ |Euskal Herria / Sakonean | Gotzon Aranburu | Zerain | 2016/11/21]

Euskal Herriko herri txikiak, hauen egoera eta etorkizuna. Gai mardula, zalantzarik gabe, alderdi askotatik heldu beharrekoa; ekonomiatik, kulturatik, izaeratik… Horietaz guztietaz hausnarketa sakona eta diziplina anitzekoa egin nahi izan du Eusko Ikaskuntzak joan den ostegun-larunbat honetan Zerainen, kongresu baten bidez, eta ateratako ondorioak Zeraingo Adierazpenean eman ditu jakitera. Laburtuz, helburu bat aldarrikatu dute: bizirik segi, nortasunari uko egin gabe.

Ikusi berria eta bideoa: http://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20161121/herri-txikien-erronka-nortasunari-eutsi-eta-bizirik-segi

Ohiz kanpokoa izan da joan den astea Zerainen. Herriko eliza kongresu jauregi bihurtu dute Eusko Ikaskuntzak eta ZerainLab elkarteak, eta ehunka lagunek hartu dute parte goiz eta arratsalde burutu diren hitzaldi, mahai inguru eta eztabaida-mahaietan, baita elizaren atarian eskainitako hamarretakoetan izandako iritzi trukaketetan ere. Unibertsitateko irakaslek, sindikalistek, Administrazioak, zinegotziek eta gizarteko beste hainbat eragilek egin dituzte ekarpenak, eta azken fruitua ‘Zeraingo Adierazpena’ izeneko dokumentua izan da.

Kongresu honen sorrera Eusko Ikaskuntzak azken urteotan egindako hausnarketa prozesuan kokatu behar da. Joan den ekainean, datozen lau urteetarako lan ildoak zehazteko inkesta zabala egin zuen Eusko Ikaskuntzak (EI) bere kideen artean, eta Iñaki Dorronsoro berraukeratu zuten –2012tik dauka ardura hori– erakundea 2020ra arte gidatzeko. Tarte honetan, hain zuzen ere 2018an, beteko ditu ehun urte Eusko Ikaskuntzak, Euskal Herria osoa, ipar eta hego, hartzen duen kultur eta zientzia erakundeak. Ondo ikusi da aniztasun hori Zeraingo jardunaldietan, joan den ostegun goizean hasi eta larunbata eguerdira arte.

Aipatu lan ildoak, betiere Euskal Herria ardatz eta helburu hartuta, lau dira: eredu sozioekonomikoak, egituraketa juridiko-politikoa, errealitate sozio kulturala eta euskararen etorkizuna. Nolabait ere, arlo hauek guztiak izan dira kontuan Zeraingo kongresuan. Zehatzago esanda, landa eremuko herri txikien garapenaz, ezaugarri bereziez eta etorkizunaz hausnartu da. Herri txikien komunitate harremanak, ingurunearekiko harreman jasangarriak eta ekonomia garapenerako eredu berritzaileak aztertu dira. Horretarako, Europako eredu erreferenteak nahiz Euskal Herri mailako esperientzia anitzak jaso dira.

Nekazal eta baserri munduaren garapenaz literatura, herri politika eta esperientzia asko badago ere, herri txikiek berezko izan duten komunitate bizitzaren gaineko hausnarketa ez da hain ugaria. Eta azken urteotan, landa garapena bultzatzeko lan eskerga egin eta energia handia jarri bada ere, ez da hainbeste erreparatu komunitate bizitzak berezko dituen balio eta kulturetan. Batez ere, teknologiaren iraultzei lotuta azken hamarkada gutxitan transformatu du mendeetan zehar lantzen joandako kultura komunitarioa. Horretarako, alderdi teorikoak nahiz praxiak jorratu dira. Alderdi teorikoan, komunitate bizitzaren sustrai bereziak eta etorkizuneko erronkak izan dira eztabaidagai, baita landa-garapenerako eredu berriak ere. Alderdi praktikoan, berriz, herrigintzan lanean ari diren hainbat ekimenen berri izan dute Zerainen bildutakoek, elkarren berri izateko eta etorkizunean balizko aliantzak sortzeko baliagarriak izango direnak.

[...]

Ikusi berri osoa: (Jatorrizko iturritik datorren goiburu-irudia):
http://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20161121/herri-txikien-erronka-nortasunari-eutsi-eta-bizirik-segi