Autogestiorako proiektu batetik bizimodua ateratzeko jauzia

Aner Mimenza, Borja Fernandez de Pinedo, Egoitz Perez eta Deine Gurtubaik Arratiako Artea herrian dute euren ustiategia. 2010ean eurentzat eta ingurukoentzat hasi ziren ekoizten eta apurka apurka hazten joan dira. Etxalde aldizkaria Aner eta Borjarekin bildu da, beraien esperientzia kontatu dezaten.

«Lehen urteak oso gogorrak dira. Ekoizpen egonkorra lortu behar duzu urte osoan soldata duina lortzeko, eta horrek zailtasunak dakartza»
«Ikusten dugu gure bezeroak kontzientziatuta daudela, ez soilik haien osasunari dagokionez, baizik eta jakitun direla horrelako proiektuak beharrezkoak direla, elikagaien subiranotasunean sinesten dutela. Esan daiteke EHNE Bizkaiak eta beste erakunde batzuek urteetan egindako lanaren emaitzak jasotzen ari garela»

2010. urtean nekazaritzan hasi zirenean proiektu autogestionario bat egitea zuten buruan. Eurentzeko, etxekoentzako eta inguruentzako ekoiztea zen beraien helburua. Aurrera egin ahala, eskaria handitzen ziohala ikusi zuten, «bizitzeko modu bat ere izan zitekeela ikusi genuen», azaltzen dute. Aukera hor zegoela ikusita apurkaapurka hastea erabaki zuten, «urteetan zehar inbertsioak egiten joan gara eta zertan lan egitea gustatzen zaigun ikusten joan gara baita ere, zer produzitzen dugun gehiago eta zer ez, eta horrekin proiektu global bat egin dugu orain».

Ekoizpena ahalik eta gehien dibertsifikatzea izan dute asmoa, diru iturri ezberdinak eduki ahal izateko eta lana ere estazionalitatetik kanpo izateko, «azkenean urte guztian zehar daukagu zertan lan egin. Udan lan asko egiten dugu ortuan eta erleekin, neguan gehiago txerriekin eta apur bat erleekin eta arrautzak, ogia eta pasta urte guztian zehar».

Momentu honetan Aner eta Borjak zaku berera botatzen dute dirua, hau da, proiektu ekonomikoa ere konpartitzen dute. Egoitz eta Deiene, aldiz, euren kabuz dabiltza. «Hori bai, etorkizunean laurok dirua zaku berean izatea da helburua», azaltzen dute. Deienek pasta ekologikoa egiten du, berak badu bere sarea antolatua eta bere kabuz egiten du lana. Aner eta Borjak bost urte daramatzate erleekin lanean. Orain arte Borja beste proiektu batean aritu da lanean Barrikan, bere ortuarekin eta bezeroei otzarak eskeiniz, baina orain hori utzi eta Arteara joan da.

Pausu txikiak emanez aurrera joatea izan da beti euren asmoa eta horretan ari dira orain ere. Bide horretan aurten beste pausu bat eman dute, nekazaritzan ofizialki instalatzeko jauzia eman baitute. Momentu honetan 1.000 metro karratuko ortua dute aire librean, 300 metro netutegian eta beste 30 erlauntz. «Gure ideia da negutegian 750 metrora heltzea, beste 2.500 metro aire librean izatea eta 100 erlauntza ipintzea. Horri pasta eta arrautzak batu behar zaizkio ». Ekoizpen ekologikorako trantsizio bidea egiten ari dira, bien bitartean. «Ekologikoaren etiketa ez dugu behar izan orain arte. Jendearekin bisitak eta auzolanak antolatzen ditugu eta badugu konfidantza harreman hori, baina uste dugu beharrezkoa dela eredu ekologikoan gero eta jende gehiago dabilela azaleraztea. Beste alde batetik, pasta ekologikoa egin nahi dugu eta horretarako ortuariak ere ekologikoan ipini behar dira, zertifikazioarekin». Dibertsifikazio maila altuak etxerako autonomia maila handia ematen die, «aste askotan bazkaritarako gatza, olioa eta arroza baino ez dugu erosten. Hori pribilegio bat da eta proiektuak bilatzen duen autogestio helburuarekin bat dator. Planteamendu horrek beste jende baten elikadura beharrak betetzeko aukera eman digu eta horrekin bizimodu duin bat izateko aukera».

Dirulaguntza

Aurten abiatu duten instalazio prozesuan %60ko dirulaguntza jaso dute eta pozik daude horrekin, nahiz eta hainbat arlo hobetu beharra daudela nabarmentzen duten. «Laguntzak eskuratzeko prozesua oso bideratuta dago eta proiektua eurek nahi duten moduan egin behar da, hau da: Lorrarekin egin behar duzu proiektua gauzatzeko Bideragarritasun Plana. Zergatik ez beste erakunde edo enpresa batekin? Horretaz aparte, ez dakite proiektu agroekologiko baten inguruko Bideragarritasun Plana egiten. Hau da, guk gure bideragarritasun ekonomikoa salmenta zuzenean oinarrituta eman diegu, baina azkenean Bideragarritasun Plana eredun industrial konbentzionalean egin digute. Azkenean ados ez gauden Bideragarritasun Plana egin digute, baina horrela behar du. Berez hobe da gutxiago ekoiztu eta kalitatezko produktu bat saltzea. Ez dugu lortzen salmenta zuzenaren eredua kontuan hartzea eta ondorioz UTAk oso altuak dira». Eredu agroeklogioa bultzatzearen aurkako jarrera bat ikusten dute jokabide horren inguruan. Laguntzak eskatzeko prozesuaren burokratizazioarekin ere kritikoak dira, «milaka paper aurkeztu eta milaka buelta egin behar dira. Laguntza oso ondo dago, instalazioko prima jasotzen duzu eta inbertsioaren %60a, baina urte bete pasatu behar duzu hara eta hona, buelta pila bat ematen eta egun osoa telefonotik hitz egiten. Gestioa osa astuna da».

Hasierako urte gogorrak

Orain makinak lurra mugitzen dihardue negutegi berriak ipini ahal izateko. Uzta berria lantzen hasteko irrikitan, hasierako urteek suposatzen duten zailtasuna azpimarratzen dute, hala ere: «lehenengo hiru, lau edo bost urteak oso gogorrak dira. Ekoizpen finko bat lortzea zaila da. Urte osoan zehar soldata duin bat eskuratu ahal izatea ahalbideratuko dizun ekoizpen estable bat lortu behar duzu eta horrek hasieran bere zailtasunak ditu. Pentsatu adibidez 20 txerri ipini eta txorizo kilo piloa egiten dituzula, baina gero saldu egin behar duzu hori guztia». Horrelako egoerak ekidin beharrekoak direla nabarmentzen dute, «adibidez udan hartu dezakezu 30 otzara egiteko konpromisoa, baina neguan ekoizpena ez baduzu, ezin duzu mantendu konpromisoa ». Hori dela eta, proiektua garatu ahal izateko formakuntza pertsonala aipatzen dute, hainbat urtetan luzaten dena, «nekazaritza ez da 2+2=4. Arazoak izaten dira, gauzak ez dira espero bezala irtetzen, erleak hiltzen dira...».

Salmenta zuzena

Momentu honetan ekoizpen guztia salmenta zuzenean saltzen dute, 30 otzara eta eztia. «Suerte handia izan dugu, apurka apurka joan garelako eta ahoz ahoko prozesuaren bidez joan gara otzara kopurua handitzen. Momentu honetan jendeak sartu nahi du produktua eskuratzera, baina ez gara iristen behar adina ekoiztera». Hori dela eta, ekoizpena gehitu ahala eskaria egina duten bezero horiei produktua eskeintzea espero dute. Ekoizpena Uribe-Kostan saltzen dute, hangoak baitira eta han hasi baitziren merkatua egiten, «gainera Arratian jende gutxi bizi gara eta gehienek ortua dute edo bestela lagunen edo senideren batek du».

Sentsibilizazio lana

Uztailera begira, obrak amaitu eta negutegi berriak martxan direnean, zain duten jende horrekin bilerak egin eta jauzi bat ematea espero dute. «Ikusten duguna da dauzkagun bezeroak jende kontzientziatua dela, eta ez bakarrik beren osasunean, kontziente dira era honetako proiektuak behar direla, elikadura burujabetzan sinisten dute. Hainbat urtetan EHNEBizkaiak eta beste hainbat elkartek egin duten lanaren fruituak jasotzen ari garela esan daiteke. Gure belaunaldiari hori tokatu zaigu. Gure gurasoen belaunaldian elikadura burujabetza eta osasuna ez ziren kontuan hartzen orain bezala».

Elikadura burujabetza gizarteratzeko lan horretan ahalegina egiten ari dira beraiek ere, adibidez azoketara joaterakoan. «Azokak eta azokak daude, batzuetan saltzen duzu eta beste ba-tzuetan militantzia lana egitera zoaz. Agian ez duzu salduko, baina leku berri askotara joan beharko gara, hor gaudela ikusi dezaten. Ez duzu askorik salduko, baina gauza horiek lantzen joan behar direla uste dugu, biharko egunean fruituak jaso ahal izateko». Lan hori da, esate baterako, Arratiako Igitie baserritar gazteen elkartearen baitan egiten dutena, eskualdeko herri ezberdinetan azokak antolatuz.

Zentzu berean planteatu dute Arteako eskolarekin elkarlanean umeentzako elikadura burujabetzari buruzko unitate didaktiko bat antolatzea eta txikienei nekazaritzaren inguruko formazioa eskeintzea. «Umeekin hiru ordu inguru egon, nekazaritzaren berri eman, bideoren bat ikusi... Umeen bidez elikadura burujabetzaren inguruko mezu hori gurasoei ere helaraztea badagoela pentsatzen dugu».

[Etxalde 16. 16. orr]