Manifestazioak deitu dituzte Bilbon eta Iruñean “alternatiba ekosozial justuaren alde”

Eragile sozial, sindikatu eta mugimendu ezberdinek mobilizazioak deitu dituzte maiatzaren 11rako Alternatiba Ekosozial Justua aldarrikatzeko. Mobilizazioak eguerdiko 12etan izango dira Iruñean Gaztelu Plazatik eta arratsaldeko 5etan Bilbon Jesusen Bihotzetik..

Maiatzak 11 alternatiba ekosozial justua

Mobilizazioen deitzaileak Euskal Herriko Eskubide sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxa eta Gune Ekosozialista izanik ere, beste hainbat eragilek babesten dituzte mobilizazioak. Orain arteko bideari jarraiki, datozen hilabeteetan babesak biltzen eta lantzen, eta elkarrekin egindako prozesua eta sortutako konfluentzia jorratzen jarraituko dute.

"Alternatiba ekosozial justua beharrezkoa da -esaten dute deitzaileek-. Egungo egoerak krisi ekologiko sakonera eta bizitza eta lan gero eta prekarioagoetara garamatza. Erregai fosilei eta ekonomiaren hazkunde infinituaren logikari lotuta jarraitzen dugu. Murrizketek, merkantilizazioak eta prezio altuek elikadura osasuntsua, pentsio duinak edo etxebizitza duina izateko eskubidea ukatzen dute. Zerbitzu publikoak eraisten ari dira. Zaintza lanak funtsezkoak dira, baina egun zaintza sistema publikoa ez dago bermatuta. Matxismoa eta arrazakeria gorantz doaz. Gerrak eta autoritarismoa ugaritzen ari dira".

Bitartean, "gero eta irabazi handiagoak metatzen dituzte enpresariek, finantza-funtsek, supermerkatu handiek, banketxeek. Egungo gobernuek eta maila instituzionaletik sustatzen dituzten politika publikoak ez nahikoak dira norabide hau aldatzeko. Askotan bide berean sakontzen dute".

Alazne Intxauspe eta Amets Ladislao

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak uste du zazpi ardatzetan lan egin behar dela alternatiba ekosoziala eta sozialki justua lortzeko:

    • Planeta bizigarri bat behar dugu guztiontzat eta horretarako larrialdi klimatikoari eta krisi ekologikoari aurre egin behar diogu.
    • Eredu ekonomiko eta sozialaren helburua bizitza bizigarriak bermatzea izan behar da, ez negozioa bermatzea.
    • Lanak, eta bereziki funtsezko lanak eta enpleguak, duindu eta birbanatu behar ditugu. Aberastasuna ere banatu behar da, eta gehien dutenek gehiago ordaindu behar dute horretarako.
    • Bizitzarako funtsezkoak diren eremuak ez ditugu merkatuaren esku utzi nahi. Elikadura burujabetza, telekomunikazioetan edo energian ezinbestekoak dira eta horren alde egin behar da eremu publikotik.
    • Eskubide guztiak nahi ditugu pertsona guztientzat, denok dugulako bizitza duina izateko eskubidea. Diskriminazio matxista, arrazista edo ezein motakoekin amaitu behar da, eta lehentasunez Atzerritartasun Legea bertan bera uztea ezinbestekoa da.
    • Gerra eta gastu militarrari ezezkoa esaten diogu eta gure gizarteen eta ekonomiaren desmilitarizazioa eskatzen dugu.
    • Egin behar diren eraldaketa guzti hauek ezin dira merkatuaren esku utzi. Plangintza publiko sendoak eta demokratikoki eraikiak behar ditugu.