Elikadura burujabetza eta nekazaritza eredu agroekologikoa defendatu dute Iruñean

Elkarte, sindikatu, kontsumo talde eta ekoizle ezberdinek deitutako manifestazioan agroindustriak ezartzen duen eredu produktiboa salatu dute.

[ahotsa.info] [eitb.eus]

Hamabi nekazaritza elkartek manifestazioa egin dute larunbat arratsaldean Iruñean nekazaritzaren eredu aldaketa exijitzeko. Horretarako, alternatibak daudela aldarrikatu dute, elikadura burujabetza lortzeko bidean.

Manifestazioa Konstituzio plazatik abiatu eta Gazteluko plazan amaitu da, eta animaliak ere eraman dituzte abeltzainek.

Iruñean egin duten manifestazioan parte hartu duten elkarteen izenean, Miriam Otxotorena artzainak aldarrikatu du "nekazaritza eredu berri bat" posible dela.

"Berehalako trantsizio agroekologikoa behar dugu, Nafarroak elikadura burujabetza lor dezan, azken urteetan nabarmen hazi baita abeltzaintza industriala. Hain zuzen ere, eredu horren aurka egiteko atera gara kalera, toxikoa eta kutsagarria delako, eta horren aurrean alternatibak daudela uste dugulako", erantsi du.

Horretarako, beharrezkoa da pestizidak eta organikoak ez diren ongarriak murriztea, makroetxaldeetan jarduteko lizentzia gehiago ez ematea, eta 2030erako egun existitzen diren etxalde horiek %50 gutxitzea.

Gainera, beharrezko jo dute dirulaguntzak beste modu batera banatzea, "trantsizio horri laguntze aldera". "Zirkuitu laburrak sustatzea eta kontsumo zein banaketa ereduak aldatzea ere eskatzen dugu. Ekoizle txikiok zailtasunak ditugu gure merkatuak sortzeko, baina nafar kontsumitzaileei berton ekoitzitako produktuak kontsumitzeko aukera eman nahi diegu", azaldu du.