Lurzaindiak kanpaina berria abiatzen du [Etxalde 15]

Bi etxalde erosiko ditu kolektiboak, hiru gazteren instalatzeko laborantxan. 400.000€ bildu beharditu udarako

Deialdia luzatu du duela zonbait egun Lurzaindiak. Diru biltze kanpaina berria Euskal Herritar guzieri zabaltzen da, izan laborari ala ez, izan pertsona ala elkarte, enpresa, kolektibitate publiko. Bi etxalde erosten ari da Lurzaindia, Arüen eta Ainharben, erretretarat doazen bi laborarien segida segurtatzeko. Instalatzen diren gazteek ez dute aski dirurik lurraren erosteko eta Lurzaindia transmisioaren errexteko tresna da berriz ere. Arüen, herriko laborari batek ontzat hartu du Lurzaindiaren galdea, etxaldea eskuratzeko eta gazte bati uzteko. Laborari seme-alabak ez diren hainbat gazte badira ipar Euskal Herrian, laborari bilakatzeko xedearekin. Amila Abou-Antoun horietariko bat da. Esne behiekin instalatzeko proietua landu du, urte zonbaitez ordezkatze zerbitzuan lan egin ondoren. Martxo hastapenean sartu da etxaldean, 10 bat behi « Brunes des Alpes » arrazakoekin eta oso motibatua. Esnea, iogurtak, gurina eta beste eraldatu eta salduko ditu hurbileko merkatuetan, AMAP-etan, ostatu eta ikastegietako jatetxeetan. Modu ekolojikoan lan egingo du. « Etxalde hau perfetoa da ! Hogoita bost hektarea eder baditu, artoa, belarra eta soroa ekoizten ahalko ditut behien bazka etxean berean ukaiteko : autonomia hori lehentasunezkoa da behi hazkuntza bizigarria izan dadin ekonomikoki », dio neska gazteak. Gogotsu da ofizio berrian abiatzeko eta bere lanaz hitzegiteko erosleekin. Lurzaindiak ere plazer hartzen du neskaren laguntzean. « Azken urteetan, esne behi hazkuntzak gelditzen ikusi ditugu gehienetan, krisak joak. Hemen hazkuntza berria abiatuko da, ez da ohiko, hurbileko salbideeri esker posible da. Laguntzeko gogoa dugu », adierazi du Maryse Cachenaut, Lurzaindiako kideak. Ainharben aldiz, bi gazte instalatzen lagunduko du Lurzaindiak, ardi esne produkzio ekolojikoan. Johane Foirienek aitaren etxaldearen segida hartuko du, Lutxo Herrera lagunarekin, hau etxaldean langile delarik azken lau urteetan. Johaneren aita 1980an instalatu zen Xiberoan, Paristik jinik, hemengo mendiko etxaldeetan konzientzia objekzioa egin ondoren. Bide berdina segitua zuen lagun batekin, laborantxan instalatu ziren Ainharben, auzoan ziren bi etxaldetan. Lagunaren etxaldea erosi zuen Lurzaindia duela zonbait urte. « Bi etxaldetan, elgarrekin egin da lan betidanik, materiala ere elgarrekin erosia izan da beti. Lojika bat bada gaurregun Lurzaindiak gure etxaldea erostea ere », azpimarratu du Johane Foirienek. Emazte gaztearendako, Lurzaindiak duen eginmolde kolektiboa ere inportanta da. «Tresna antikapitalista ikaragarria da Lurzaindia. Lurra eskutan duen bainan laborari ez den jendeari kentzen zaio eta lantzen dueneri uzten da. Herriak duelarik dirua emaiten ». « Laborantxako lurra merkatutik kendu betiko », hau da Lurzaindiaren leloa. Helburu berri honen betetzeko, diru biltze kanpainaren kausitzea beharrezkoa du kolektiboak. Euskal herritar guzieri zuzentzen da Lurzaindiako akziodun bilakat daitezen. Gutienezko parte hartzea 20 eurokoa da. Ondoko hiru hilabeteetan, indarrak emanen dituzte jendeari proietua aurkezteko eta dirua sartzeko. Udarako nahi lukete diruaren gehiena bildu, helburua 400 000 eurokoa delarik.

 

Bi misio, lau elkarte

Laborantxako egituraz eta kontsumitzaileen ordezkariz osatua da kolektiboa. ELB sindikateko, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako, Arrapitz federazioko eta InterAMAP kontsumo elkarteen federazioko ordezkariek dute Lurzaindia osatzen. Gaurregun 3000 akziodunez gora dauzka Lurzaindiak eta 300 bat hektarea eskutan ditu (20 bat etxalde).


Bi lan ardatz nagusi ditu egiturak:

- Lur eta etxaldeen erostea, gazteak instalatzeko edo laborantxa ttipiak azkartzeko, adibidez etxetiarrak ez duelarik saltzera heldu diren lurren erosteko ahalik. Lurraren prezioa beti azkartuz doa eta instalazio nonbrea ttipituz : bi problematika haueri buru egiten entseatzeko tresna kolektiboa da Lurzaindia.

- Laborantxako lur eta etxaldeen prezioa zaintzea, espekulazioari buru eginez. Lurzaindiak saltze batzu trabatzen ditu erregularki SAFER egituraren esku hartzea bultzatuz (prezioa goregi delarik, eroslea ez delarik laboraria, laborari erosleak lur ainitz dituelarik jadanik, etab.).

 


Saien elikatzeko guneak Garazin

Garaziko mendietan bederatzi gune antolatzen ari ditu Garaziko mendi sindikatak, saiak elikatzeko hazkuntzetako kabala hilekin. Orai arte, legez kanpokoa da kabale hilak etxaldetik mendi aldera ekartzea, saiek jan ditzaten. Esperimentazio gisa abiatua da Garazikoa. Administrazioak, hazleek eta laborantxako egiturek adosean eraman dute proietua. Konkretuki bederatzi gune antolatu dira, bakoitzean hurbileko 10-12 laborarik dutela baliatzeko eskubidea. Tokiak aski zabalak dira saiek airatzeko manera ukan dezaten, bainan hetsiak dira (edonor ez sartzeko), laborari bakoitzak gakoa duelarik idekitzeko eta bere kabalak uzteko. «Jadanik egiten den pratika bati kuadro legala emaiten diogu. Ez dugu nahi lehen baino kabala gehiago ekarria izan dadin mendirat, saien kopurua emendatuz ez joaiteko. Hurbileko etxaldeendako da, ez urrunetik kabale hilak ekarriko dituen batentzat », adierazi du Jojo Goihenetxe, Garaziko mendi sindikateko buruak. Bederatzi guneak Duzunaritze, Behorlegi, Lekunberri, Mendibe, Ezterenzubi, Eiheralarre eta Arnegin dira. Toki bakoitzean, laborari taldeak kudeatuko du gunea : zainduko, garbituko, kabale hil kopurua zenbatuko (ekarle bakoitzak apuntatu behar du noiz eta zer ekartzen duen). Esperimentazioaren gastuak Estadotik dirustatua dira %70an. Gauzak ongi ibiltzen badira, beste eskualde zonbaitetan errepikatzen ahal litaike ariketa.


 

Argazkia eta bezte artikulua Berria.n: IKUSI HEMEN