Gorriak ikusten ari da pinua

Onddo batek eragindako gaitzak kinka larrian jarri ditu intsinis pinuak. Administrazioak eta egurraren sektoreak sailak salbatzeko moduaren bila badabiltza ere, ez dago jakiterik sendabiderik aurkituko duten. Beste eragileek aurrera begirako baso politikaz eztabaidatu nahi dute.

Iñaki Petxarroman, Berria egunkarian argitaratua 2018ko Urriaren 7an

 

Nahikoa da etxeko edo autobuseko leihotik begiratzea Euskal Herriko zenbait eskualdetako basoetan pairatzen ari diren egoera larriaz jabetzeko. Dothistroma pini eta Lecaonosticta acicola izeneko onddoek erasan diete intsinis pinuei, eta xingola gorria eta xingola marroia izeneko gaitzak areagotu eta zabaldu.

Duela urte batzuetatik ari ziren pinudiak jasaten gaitzaren erasoak, bereziki Gipuzkoan, baina aurtengo udan izan diren hezetasun handiak eta beroak inoizko gehien zabaldu dute izurritea. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, intsinis pinuen %35 inguru daude gaitzak kutsatuta. Haietako asko ezin izango dira leheneratu, beste asko botika egokiaren edo eguraldi baldintzen zain daude, irtenbiderik duten edo ez jakiteko. Sektoreko eta diputazioetako arduradunak saiatu arren, konponbiderik ez dute topatu oraingoz. Sendabiderik izango den ere ez dakite ziur. Nazioartean halako egoerak pasatu eta gainditu dituzten hainbat herrialdek ematen diete itxaropena, baina ez dago jakiterik Euskal Herrian posible izango den. Krisiak, baina, aspaldiko eztabaidarik handiena piztu du baso politikaren inguruan. Ñabardurak ñabardura, ia eragile guztiak bat datoz: ezin une egokiagoa da gogoeta sakon bat egin eta aurrera begirako baso politikari buruzko eztabaida mamitsu eta zabal bat egiteko.

Intsinis pinuaren erabilera intentsiboa eta monokultiboaren aldeko hautua egin dute azken hamarkadetan Euskal Herriko ardatz atlantikoan, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan. Kaliforniatik ekarritako zuhaitzek basoen %15 inguru betetzen dute gaur egun, baina oso modu ezberdinetan banatuta daude. Gipuzkoan eta Bizkaian gehien zabaldu den espeziea da. Nafarroan eta Araban aski mugatua da, eta Ipar Euskal Herrian alerik ez da.

Gorriak ikusi arren, batzuek ez diote oraingoz akaberarik ikusi pinudien aroari. Kepa Albizu Baskegur baso jabeen elkarteko zuzendaritzako kideak ez du itxaropena galdu: «Larritasunaz jabetuta bai, baina itxaropentsu gaude. Duela urtebete etorri zen Txileko aditu bat, eta aurten Zeelanda Berrikoak heldu dira gurera. Haiek antzeko egoerak pasatu dituzte duela 50 urtetik hona, eta gai izan dira aurrera egiteko. Beraz, egin behar dena eginez gero, hau kontrola daiteke».

Gipuzkoan dago egoerarik larriena, eta izurritearen lehen zantzuak ere herrialde horretan azaldu ziren duela urte batzuk. Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpururen hitzetan, «egoera kezkagarria» da, baina goizegi da esateko pinuarenak egin duen. «Sektorearen beste eragileekin batera (Neiker, Hazi, Baskegur, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiak, Jaurlaritza) gaitz honi aurre egiteko neurriak hartzen ari gara. Ikerketak areagotzen, erresistenteak diren aleak aurkitu nahian eta beste espezie batzuen erresistentzia maila aztertzen». Tratamendu fitosanitario esperimentalak ere egiten ari dira, eta beste herrialdeetako informazioa jasotzen. «Ikertzaileek ez dute baztertzen tratamendu fitosanitarioen bidez gaixotasun honi aurre egin ahal izatea. Oraindik, baina, ez da aurkitu tratamendu eraginkorrik».

Jendearen kezka jaso dute basozainek ere. Urko Ibañez Bizkaiko Basozainen Elkarteko idazkariak aitortu du eurek ere ez dutela informazio askorik: «Gaixotasuna bat-batean iritsi zaigu, eta oraindik ez dakigu nola jokatu. Jendea urduri etortzen zaigu galdetzera ea zer tratamendu egin dezaketen eta abar, baina ez dakigu zer erantzun». Lasai egoteko eskatu die Albizuk: «Panikoan ez sartzeko eskatu diegu jabeei. Ez gaude ados pinuen inguruan orain ematen ari den mezuarekin, hau da, pinuak irtenbiderik ez daukala eta halakoekin».

«Jabe handien mesedetan»

Egoera larria da, baina. Zenbait eskualdetan —Bidasoaldean, Donostialdean eta Tolosaldean, esaterako— pinudien bi herenetik gorako afekzioa dago. Eta baserritar askok sailak botatzeko baimena eskatu diote administrazioari. Ataka horretan ikusi du bere burua Maite Aristegi EHNE sindikatuko idazkari nagusi ohiak. Bergaran dauka pinu sail bat, eta botatzea pentsatzen ari da. «Sail polita da, lan asko eman diguna, abelburuekin-eta garbitu izan duguna… Orain pentsatzen ari gara zer landatu pinudia bota ondoren: pagoa, gereziondoa…». Aristegik administrazioaren informazioaren falta sumatu du. «Duela gutxi bidali dute eskutitz bat, eta basozainek ere ez dakite zer egin. Beraz, baserritar asko bere kabuz ari da erabakiak hartzen, ondo jakin gabe zer egin».