Elikadura burujabetzaren aldeko ikerketa

  • Joseba Azkarraga Etxagibel · UPV/EHU
  • Mirene Begiristain · UPV/EHU
  • Gonzalo Fernández · Hegoamerikako Transnazionalen Behatokia

Ekainaren 17an izan zen. Lehenengo aldiz, Agroekologiaren eta Elikadura Burujabetzaren aldeko ikerketa jardunaldia antolatu zen,
Eibarren, Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) markoan. 60tik gora ikerlari bildu ginen bertan, pronostiko baikorrenak ere gaindituz. Ondoko lerrootan aurkituko duzu egun horren gaineko kronika txikia.

Ehundu. Euskal Herrian ez dira gutxi Agroekologiaz eta Elikadura Burujabetzaz ikertzen dabiltzanak, izan norbanako, talde edo elkarte. Diziplina askotatik ibili ere. Bagenekien hori, baina jardunaldia antolatzea erabaki genuenean inkognita handia zen zenbat lagunek hartuko zuten parte. 60 ikerlaritik gora bildu ginen Euskal Herri agroekologikoaren eraikuntzaren alde, eta aurtengo UEUko ekintzarik populatuenetakoa izan da. Gaiak duen erakarpen-indarraren seinale. Helburu genuen sare bat ehuntzen hastea. Izan ere, ikerlarien artean konexioak egon badaude, baina lotura estuagoak falta dira, elkar hobeto ezagutzea eta kolaborazio esparruak sortzea eta indartzea. Atomizaziotik nekez eraikiko baita alternatiba sendorik. Zein gaietan ari gara ikertzen eta sakontzen? Posible ote da arlo garrantzitsu honen mapa on bat egin eta ikerlariak artikulatzea? Galdera horien bueltan proposatu genuen jardunaldiaren helburu nagusia: espazio bat sortzea arloaren bueltako ikerlariok biltzeko, elkar ezagutzeko, eta elkarrekin gogoetatzeko zeintzuk izan daitezkeen etorkizunean kolaboratzeko bideak eta saretzeko aukerak. Beraz, topagune hau lehen pauso gisa ulertu dugu, lehen hurbilpen bat nor zertan gabiltzan identifikatzeko. Lehenbiziko pausua da ikerketa agroekologikoaren aldeko egitura bati forma ematen hasteko. Elikadura Burujabetzaren aldeko herri estrategiak behar baitu ezagutza propioa sortzeko eta aplikatzeko gaitasuna.

IKERKETA, KONTZEPTU ZABALA

Noski, «ikerketa» hitzak zentzu zabala izan dezake. Unibertsitatea ikerketarako eremu garrantzitsua da, baina ez da soilik unibertsitatea. Gizarte erakundeetatik ere ikerketa ugari egiten da, kalitatezkoak eta ekarpen handikoak. Horren adibide da Bizilur, Etxalde eta EHNE-Bizkaiaren kolaborazioari esker, elikadura burujabetza sustatzeko helburuz egin berri den politika publikoen gaineko lan gomendagarria. Bestetik, instituzio publikoetatik ere egiten da ikerketa. Eta ikerlaririk onena izan daiteke eguneroko jarduna hobetzen ari den baserritarra, prozesu agroekologikoak etengabe zainduz eta hobetuz. Pluraltasun hori nabarmen sentitu genuen jardunaldiotan, eta erraz gainditu zen «ikerketa klasiko» gisa ulertzen duguna. Nagusi izan ziren unibertsitatearen baitan sorturiko ikerketak, baina beste hamaika ikerketaproiekturen atzealdean baziren gizarte erakundeak, instituzio publikoak, elkarteak, baserritarrak, edota ikerlari independenteak. Guztiok konpartitu genuen espazio bera eta elikadura burujabetzaren aldeko egitasmoa. Nork ikertu garrantzitsua da, baina hori bezain garrantzitsua da zer, nola eta zertarako ikertu. Gure buruari planteatu genion behar genuela ikerketaren ahalduntze ikuspegia: lanok balio dezatela elikadura burujabetzaren aldeko praxiak eta estrategia boteretzeko. Eta ikerketok egin daitezela sektorearekin bat: ahal dela, baserritarrekin eta hauen erakundeekin pentsatu, konpartitu eta garatzeko asmoz. Lehen sektorearen gaitasun ekonomiko, sozial eta kulturalak handitzeko balio dezatela, jakina. Izan ere, agroekologia ez da soilik zientzia, ez eta teknika sorta bat. Gizarte alternatiba ere bada. Ekoizpen alternatibo gisa ulertzen dugu batetik, alternatiba politiko gisa bestetik. Euskal Herri agroekologikoa eraikitzeko bideak nahitaez behar du hanka ikertzailea.

HAMAIKA GAI

Jardunaldiaren arrakasta ez da datu isolatua. Magma zabalago baten adierazpena da. Ugaritzen ari dira laborantza herrikoiaren aldeko espresioak Euskal Herrian: sortzen ari dira zenbait egitura produktibo berri elikadura burujabetzarekin ondo lerratuak; kontsumo-taldeak biderkatu ditugu; herritarren kontzientzia hazten ari da; hainbat dira nekazaritzara gerturatzen ari diren gazte berriak; baditugu formazio ildo berriak unibertsitatean zein tramu aurre-unibertsitarioan; eta subjektu laborariaren birdefinizio sakona bizi dugu erakundetze eredu berrien eskutik (Etxalde, kasu). Horrek guztiak adierazten du magma interesgarria sortzen ari dela elikadura burujabetzaren alde, eta magma hau artikulatu beharra dagoela pentsamendu eta ekinbide estrategikoz. Ikerketa, puzzlearen pieza garrantzitsua da, hegemoniko bihurtzeko edozein egitasmok behar baitu herri-ezagutza propioa sortzea, beste batzuekiko menpekotasunak leunduz, estrategia eta ikuspegi beregainak elikatuz eta martxan jarriz. Laborantza herritarraren aldeko ikerketa antolatzea genuen helburu eta pronostikorik baikorrenak gainditu ziren. Ikerketan ere gauzak mugitzen ari dira, eta unibertsitatean gero eta gehiago dira elikadura burujabetzarekiko interesa agertzen duten ikasle, irakasle eta ikerlariak. Eibarren ikerlari ugari bildurik, hamar minutuko aurkezpen laburrak egin genituen, ahalik eta gehienok ahalik eta ikerketa egitasmo gehien entzuteko. Ondorioz, mapa on bat eskuratu genuen, aukera izan genuen ikusteko gaur Euskal Herrian agroekologiaz nortzuk zer ikertzen ari diren. Hamaika gai jorratu ziren: udalerri edo eskualdeetan elikadura burujabetza sustatzeko herri ekimenak; politika publikoak; eskola jantokiak eta tokiko nekazaritza ekologikoa lotzen dituzten analisiak; hainbat lan, praktika agroekologikoak hobetzeko alderdi teknikotik; eta abar luze bat.

ETORKIZUNA PENTSAGAI

Goizeko saioa baliatu genuen ikusteko zeintzuk diren jorratzen ari garen gaiak. Arratsalderako, ostera, utzi genuen hura bezain kontu garrantzitsua: posible ote da elikadura burujabetzaren bueltan ikerlariak saretzea? Bigarren galdera horri erantzuteko ariketa berezian murgildu ginen. Bertsolariak bagina legez, geure buruari ondoko gaia jarri genion: «Lortu dugu, 2040an gaude eta Euskal Herriak lortu du elikadura burujabetza». Ikerlari guztiei txartel batzuk eman eta eskatu zitzaien ondoko galderei erantzutea, bertso sorta osatzea nolabait, musika goxoa lagun norbere baitan biltzeko gonbitea eginez:

  • Nolakoa da 2040ko Euskal Herri hori?
  • Zer ikusten ari zara? Deskribatu labur zuk nahi duzun ikuspegitik
  • Zeintzuk izan dira lortu izanaren arrazoiak? 2040 urtetik atzera begiratuta, zeintzuk izan dira 25 urtetan (2015-2040) ondo egindakoak?
  • Eta ikerketak nola lagundu du?

Ondoren, 2015era bueltatu ginen, hobeto zehazteko ikerketak gaur eta hemen nola susper dezakeen prozesu arrakastatsu hori. Ahoz eta idatziz jasotako erantzun guztiak aztertzea falta zaigu oraindik. Baina ahoz partekatu genuenak garbi erakutsi zigun sentipen orokor bat: gogo/behar kolektibo bat sumatzen da nekazaritza eta elikadura sistema bideratzeko agroekologiatik, egokituz ekoizpen ereduak, sustatuz laborarien eta herritarren arteko harremanak, eraikiz aliantzak gizarteko sektore gero eta zabalagoekin. Finean, irauliz gaur dugun elikadura sistema. Ikusi ahal izan genuen ikerketak baduela gaitasunik elikadura burujabetzaren aldeko praxiak boteretzeko, agroekologiaren baitan dagoen ahalduntze ikuspegia eta parte hartzea oinarri hartuta. Eguna amaitu zen eta jabetu ginen emanda genuela elikadura burujabetzaren aldeko urrats bat gehiago. Eta jardunaldiaren bukaeran bertaratutakoek adierazi bezala, segida behar du hasitako sare-ehuntzeak, zinez baita garrantzitsua ikerketak egin dezakeen ekarpena.


Argazkiaren egilea eta lizentzia: CUESA-CC-by-nc