Lakari, tokiko merkataritza-heziketarako gune kooperatiboa: elikadura eta kontsumo jasangarria lantzen [11 #Etxalde]

Miren Prieto, Leire Udabe, Izaskun Sagartzazu eta Leire Epeldek osatzen dute Lakari kooperatiba. Urriaren 30ean ireki zituen ateak Zarautzen. Tokiko merkataritza- heziketarako gune kooperatiboa da, elikadura eta kontsumo jasangarria lantzen dituena.

Leire Udabe eta Izaskun Sagartzazuk katering enpresa batean lan egiten zuten eta krisi ekonomikoarekin euren egoerak txarrera egin zuen. Leire Udabek Londonen eginiko egonaldian Lakariren antzeko proiektu bat ikusia zuen: «elikaduraren munduan zerbait egin nahi genuela ikusten genuen, baina zerbait alternatiboa, tokiko garapenarekin lotua», azaltzen dute.

2014an laukotea osatu eta ideia lantzen hasi ziren. Debagoienako Ereindajan proiektua bisitatu zuten, lan egiteko erreferentziak eskurateko asmoz. 2014ko maiatzean Olatukoop ekonomia sozial eta eraldatzailearen bilera batera joan ziren «eta orduan bai, pentsatu genuen Lakari izenarekin aurrera joko genuela».

Lanbideren bitartez lorturiko laguntza batekin bideragarritasun plana egin zuten eta Elkarlan eta Oinarrirekin landu zuten kooperatibaren eraketa. Ondoren banketxeetara jo zuten finantziazio bila eta Fiare Banka Etikoaren aldeko apustua egin zuten. Ondoren lokaleko lanak egin zituzten, dena martxan jarri eta ateak ireki arte.

Bertako produktuekin oinarritutako denda bati sukaldea gehitzen dion proiektua da Lakari. Otorduak emateaz gain, sukaldearen bidez dendan sortzen diren soberakinak zakarrontzira bota beharrean aprobetxatu daitezkela ikusi zuten. «Argi geneukan elikadura eta kontsumo jasangarria landu nahi genituela, dendan soltean erostea potentziatu nahi genuen eta hortik dator baita ere Lakari izena, lakaria laborea, artoa, babarruna, eta abar neurtzeko erabiltzen zen tresna zelako».

Solteko eskaintzari eta bertako eta garaiko produktuei garrantzia ematen diete. «Perfekzionatzen joan beharra dugu, dena ez baita bertakoa. Frutetan gauza konbentzionalak ere baditugu, kontsumitzaileak eskaten duenaren arabera. Lerro batzuk finkatzen joan behar dugu, barazki ekologikoak ere eduki nahi ditugu».

Más información en Etxalde 11, págs. 6-7