Bertoko ekoizpenaren aldarria egin du Etxaldek baserritarren borroken egunean

TTIP ez!!Bertoko ekoizpenaren aldarria egin du Etxaldek baserritarren borroken egunean Etxalde Nekazaritza Iraunkorra mugimenduak agerraldi publikoa egin zuen Petritegi sagardotegian joan den apirilaren 17an, Baserritar Borroken Nazioarteko Egunean. Via Campesinaren deiari erantzunez, nazioarte mailan ezkutuan negoziatzen ari diren merkataritza librerako akordioen aurkako ekintzak izan ziren aurtengo ardatz nagusia. Etxaldek dokumentu bat aurkeztu zuen, TTIP edo TAFTA bezala ezagutzen diren akordioek eragingo lituzketen kalteak salatzeko. Horren aurrean, elikadura burujabetza eta nekazaritza iraunkorra aldarrikatu zituen Etxaldek, Euskal Herriko jendarteari bertako produktuen aldeko jarrera eta kontsumoa eskatzearekin batera. elikaherria.cabinet.es webgunean dago ikusgai aipatu dokumentua.

Mikel Hiribarren eta Malu Egiluz baserritarrekin batera, Koldo Nabaskues, EKA kontsumitzaileen elkarteko presidenteak hartu zuen parte komunikabideen aurrean eginiko agerraldian.

Mikel Hiribarren, ELBko kideak eta Confederation Paysanneko bozeramaleak azaldu zuenez, «Europar Batasunak, seguruenik bere burua ahul sentitzen du eta azken bi urteetan AEB eta Kanadarekin tratu ekonomikoak egiten ari da eta gu ere ikutzen gaituzte, gogor, tratu horiek, aintzinako tratuek ikutu gintuzten bezala ».

Tratu hauek Afrika, Hegoamerika eta mundu zabalean kalte egiten dutela nabarmendu zuen, «bereziki elikagaien prezioak asko apaltzen dira, dumpingaren bidez bereziki ». Mundu mailako elikagaien merkatua enpresa handi eta bitartekarien esku dagoela nabarmendu zuen eta normalean horiek erabakitzen dutela laborariei ordaintzen zaiena eta kontsumitzaileek ordaindu beharrekoa.

TTIP edo TAFTAk proposatutako muga sarien erorketak, nekazaritza sektorean %10- 12koak, «ondorio larriak lituzke, adibidez behi haragiaren kasuan». AEBko hustiategien bataz besteko azalerak, 170 hektareak, askoz merkeago eta gehiago ekoiztea ahalbidetuko lieke, «horrek eragina izango luke gure merkatuen orekan, muga sariak keduz gero».

Ingurmena, osasuna eta arlo sozialari loturiko araudian ekarriko lukete kaltea tratu hauek, baita ere. Amerikako Estatu Batuetako araudia nahikoa izango litzateke, «Europako araudi asko ahuldu edo galdu behar lirateke, nahi bezainbat transgeniko, antibiotiko, hormona erabiltzen ahal dira AEBn».

Etxalde mugimenduak apirilaren 17an aurkeztutako dokumentuaren esteka

Informazio gehiago Etxalde aldizkariaren 4. zenbakian, 16-17. orrialdeetan.