Euskal Herriko hainbat sindikatuk elkartasuna adierazi diote Palestinari

[Berria-n argitaratutako berria eta argazkia]

CCOO, LKN-CGT, EHNE, Etxalde, ESK, Hiru, LAB eta Steilas sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon eta Iruñean, «okupazioa» salatzeko

Euskal Herriko hainbat sindikatuk elkartasuna adierazi diote PalestinariIsraelen eta Gazaren arteko gerra dela eta, Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazio ugari egiten ari dira munduko herrialde askotan, baita Euskal Herrian ere. Gaur Euskal Herriko sindikatu askok elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon eta Iruñean, Palestinaren «okupazioa» salatzeko eta Israeli «sarraski estrategia» amaitu dezala eskatzeko. CCOO, LKN-CGT, EHNE, Etxalde, ESK, Hiru, LAB eta Steilas sindikatuek antolatu dute elkarretaratzea. Negoziazio bat martxan jartzearen alde egin dute, eta «Palestinak berezko estatu bat sortzeko daukan zilegitasuna» aldarrikatu.

Sindikatuek ez ezik, talde politikoek ere adierazi diote elkartasuna Palestinari. Gaur, EH Baik egin du Palestinaren alde: «Zibilen aurkako erasoak etetea, gatazka politikoki konpontzea eta palestinarren lurren okupazioa eta Israelen apartheid politika buka daitezela nahi dugu».

Mobilizazio nagusia larunbat honetan egitekoak dira. Gernika-Palestina ekinaldi herritarrak manifestazio nazionalera deitu du ordurako Donostian, Palestinari elkartasuna erakusteko. Deitzaileek jakinarazi dutenez, Gazako «sarraskia» gelditzeko eta konponbide politikoa eskatzeko egingo dute manifestazioa. 17:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik. Euskal Herriko pertsona ezagun ugarik deitu dute manifestaziora; tartean dira Itziar Ituño, Maialen Lujanbio, Xabier Madariaga, Eñaut Elorrieta, Nekane Balluerka, Izaro Andres, Nora Aurrekoetxea, Juanito Oiartzabal eta Agus Hernan.