Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dute sindikatuek

Aste honetan, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren dela eta, Etxalde eta LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuek salatu dute langileok "gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan".

Sindicatos vascos ven un fracaso del sistema de prevención la repetición de patrones en los accidentes laborales

Munduan milaka langile hiltzen dira egunero, bai istripuz eta baita laneko gaitzen eraginez ere. Euskal Herria ez da salbuespena, eta gurean urtero errepikatzen dira datu beldurgarriak eta Nafarroa da, adibidez, Espainiako Estatuan istripu tasa altuena duen bigarren herrialdea, Baleareen atzetik.

Euskal Herrian "azken urteetan etengabe errepikatu da patroi bera istripuetan": milaka lan istripu arin zein larri aitortzen dituzte datu ofizialek, goranzko joera batekin gainera. Heriotza kopuruan ere ez dago etenik, eta 70 hildakoen muga gertu dugu urteak joan eta urteak etorri.

Istripuen datu ezkutaezin horiek sistemaren beraren iruzurra agerian uzten dute; izan ere, "lehen instantzian mutualitateen esku dagoen laneko gaitzen aitortzea guztiz testimoniala da". Adibide gisara, urtero, batez beste, ez da dozena bat laneko minbizi aitortzen.

Prebentzio sistemaren porrota

Milaka lan istripu (zehazki, 2023an 100.000tik gora) aitortzen ditu administrazioak, "prebentzio sistemaren porrotaren erakusle". Aitortuak dira ezin direlako ezkutatu. Aldiz, laneko gaitzak ez ditu aitortzen, eta, sistematikoki, gehiengo zabala Osasunbidera eta Osakidetzara bideratuak dira. Sistemak berak laneko gaitz asko eragiten ditu, eta, era berean, istripuak ere eragiten ditu. Aldiz, mutualitateen bidez, hala aitortuak izan ez daitezen lortzen dute. Horra hor beren amarrua.

Aurten ere datu beldurgarriak gailentzen ari dira: Euskal Herri osoa aintzat hartuta, 2024an dagoeneko 21 hildako daramatzagu soilik lan istripuetan.

"Prebentzio sistemak porrot egin du patronalak araudia bete gabe 30 urte daramatzalako. Prebentzio araudia da gutxien betetzen den araudia. Hori hala izan dadin gakoa da administrazioak eta gobernuek, patronalarekiko erakusten duten konplizitatea eta bitartekorik ez jartzea arauak bete daitezen bermatzeko. Horrela soilik uler dezakegu EAEn 50 inspektore baino ez egotea eta Nafarroan 12 besterik ez".

Aldiz, Nafarroako eta EAEko gobernuek NOPLOI eta Osalan bezalako egiturei eskaintzen diete lan osasunaren inplantazioaren ardura, zeintzuk, gogora dezagun, aholkularitza entitateak baitira. Horrela "bermatzen dute patronalaren inpunitatea", soilik aholkatuaz, isunak jartzea ekidinez.

EAEn berriki hauteskundeak izan diren honetan, "Urkullu jauna"ri agur esan diogu. 2012ko abenduan kargua hartu zuenetik 444 langile hil dira istripuz. Legegintzaldi berriari begira, eremu honetan ere, "aldaketa beharrezkoa da":

    • Ikuskari kopurua handitu eta ikuskaritzak areagotu behar dira.
    • Legea betetzen ez duten enpresei isunak ezarri behar zaizkie.
    • Arriskuak biderkatzen dituen lan baldintzen prekarietateari aurre egin behar zaio.
    • Prebentzio legea betetzen ez duen Patronalari ardurak exijitu behar zaizkio.

Etxalde eta LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta CGT Nafarroa sindikatuek borrokan jarraituko dute "lan osasuna berma dadin, behingoz patronalak dagokiona bete dezan eta etxera bizirik eta osasuntsu itzultzeko eskubidea dugulako".