Gehiengo sindikalak gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko konpromisoak eskatu dizkie euskal alderdiei

LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuetako ordezkariok bilera erronda abiatu dugu euskal alderdiekin. Atzo EAJrekin egin bezala, gaur EH Bilduren ordezkaritza batekin elkartu gara.

gutxieneko soldata hemen erabaki - pancarta

Bi dira alderdiei eskatu dizkiegun konpromisoak:

    • Egungo legediaren arabera egingarria den lanbidearteko akordioa negoziatzeari Confebask eta CENek emandako ezezkoari aurre egitea.
    • Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak estatukoa baino altuagoa litzatekeen gutxieneko soldata ezarri ahal izatea eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea aurrera eramateko konpromisoa.

Ezaguna den bezala, lehen bilkuran mahaia sortzeari uko egin zion Confebaskek eta, 1.500 euroko gutxieneko soldataren proposamena mahai gainean jarri ondotik egindako bigarren deialdira joateari uko egin zion. CENek berriz uko egin zion bilkuran parte hartzeari, kasu honetan UGT eta CCOOekin batera. ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU sindikatuen eta Etxalde mugimenduaren iritziz, alderdiek eta bereziki Gobernuek lan egin dezakete Patronala negoziazio mahaira eser dadin lortzeko.

Langileen Estatutua aldatzea eskatzen du Herri Ekimen Legegile honek eta, behin herritarren sinadurak jasota, EAEko legebiltzarrera iritsiko da. Nafarroaren kasuan, berriz, Parlamentuko Mahaiak tramitera onartu ez zuenez, jasotako sinadurak alderdien esku jarriko dira, hauek tramiteari ekin diezaioten. Kasu bietan, sindikatuon eskaera bera da: alderdi politikoek lege aldaketaren alde egin dezaten, legebiltzarretan aldeko bozka emanez eta behin legebiltzarrek onartuta Espainiako Kongresuan herri ekimen legegilearen defentsa eginez.

Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura emateko deia ere berretsi dugu sindikatuok, zenbat eta sinadura gehiago jaso, orduan eta aukera handiagoa egongo baita gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko.