Nafarroako Gobernuak Trantsizio Energetikoaren Agentzia sortzeko lege-proiektua onartu du

Nafarroako Gobernuak, urtarrilaren 15eko bilkuran, Nafarroako Trantsizio Energetikoaren Agentzia (ATENA) arautzen duen Foru Legearen proiektua onartu du. Proiektua Nafarroako Parlamentura igorri da, eztabaidatu eta bozka dezan.

energia berriztagarriak - energias renovables

Erakunde horren sorrera Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 6.2 artikuluan jasota dago. Mikel Irujo Industriako eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko sailburuak agentzia berri horren xehetasunak azaldu ditu. Agentzia horrek enpresa-erakunde publikoaren forma hartuko du, eta bere sailari atxikita egongo da.

Sailburuak adierazi duenez, "ATENAren helburua da trantsizio energetikoaren esparruan foru eta estatu mailako konpromisoak betetzen laguntzea eta energia-eredu jasangarri bat lortzea, energia-iturri berriztagarrietan, sorkuntza banatuan eta autokontsumoan oinarritua".

Trantsizio Energetikorako Agentziak "klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka borrokatzeko eta horietara egokitzeko neurriak sustatzeko tresna" izan nahi du. "Erakunde horrek eraginkortasun, kudeaketa eta aurrezpen energetikoko jarduerak bultzatu eta gauzatuko ditu, eta trantsizio energetikoaren arloko azterlanak eta analisiak egingo ditu. Gainera, energia-ekimen publikoa sustatuko du erakunde-eremu guztietan", adierazi du Irujo sailburuak.

Bere helburuen artean nabarmentzen da Nafarroan energia berriztagarrien, eolikoaren, fotovoltaikoaren, eguzki-energia termikoaren, biomasaren, geotermiaren eta beste batzuen ekoizpena eta sorkuntza banatua sustatzea, 0 km energia orokortzen saiatuz, Nafarroako biztanleriaren subiranotasun energetikoa erraztuz eta faboratuz, energiaren demokratizazioa saiatuz. Era berean, lan egingo du Nafarroa ezagutzaren eta berrikuntzaren lider izan dadin energiaren sektorean.

Onetsitako Foru Lege proiektua, dagozkion memoria eta txostenekin batera, Nafarroako Parlamentura igorriko da, Legebiltzar legegilean eztabaidatu eta bozka dadin.

Energia berriztagarriko proiektuetan inbertsio publikoa eta pribatua egiteko laguntza

Trantsizio Energetikorako Agentzia berriari esleitutako eginkizunen artean, Nafarroako Energia Plana proposatu, diseinatu eta egitea nabarmentzen da, baita hura erabat gauzatzeko beharrezkoak diren ekintzak ere. Gainera, Nafarroako Energia Azpiegituren Planen diseinuan eta jarraipenean lagunduko du.

ATENA arduratuko da, halaber, energia berriztagarria ekoizteko sistemak, autokontsumoa eta sorkuntza banatua, energia biltegiratzeko edo kudeatzeko sistemak, ibilgailu elektrikoa kargatzeko sistemak eta mugikortasun iraunkorreko proiektuak Nafarroan ezartzeaz eta kudeatzeaz, antzeko beste ekimen batzuen artean.

Bere helburuak betetzeko, inbertsio zuzenak egingo ditu edo erakunde publikoek egindako inbertsioak lagunduko ditu mailegu, abal edo bestelako tresnen bidez. Erakunde pribatuen inbertsioei dagokienez, lehentasuna emango zaie irabazi-asmorik gabeko erakundeek bultzatutako proiektuei; horien artean, energia-komunitateek egindakoak nabarmentzen dira.

Foru lege proiektuaren arabera, ATENAk merkataritza-sozietateak sortu edo horietan parte hartzeko asmoa du, energia elektrikoa lehia askeko araubidean merkaturatzeko, autokontsumorako instalazioetako soberakin energetikoen salmenta kudeatzeko, kontsumo-datuak bildu eta aztertzeko, eta eskariaren kudeaketa adimendunean eta sistema elektrikoaren beste zerbitzu batzuetan parte hartzeko.

Halaber, bere ekimenez edo sektore pribatuko beste enpresa batzuekin lankidetzan, Nafarroarentzat energia arloan aitzindariak edo estrategikoak diren proiektuen garapena sustatuko du. Halaber, energia aurreztea eta efizientzia eta energiaren kudeaketa adimenduna bultzatzeko jarduerak proposatu, onartu eta gauzatuko ditu; energia berriztagarrien erabilera bultzatuko du autokontsumorako eta sorkuntza banaturako, tokiko baliabideen eta baliabide berriztagarrien kudeaketa jasangarriaren bidez; eta garraio elektrikoaren eta zero isuriko ibilgailuen erabilera sustatuko du.

Horri dagokionez, azpimarratu behar da Agentziak arreta berezia jarriko duela sektore publikoko energia-kudeaketan, Nafarroako administrazio publikoetako kontratazio-unitateei laguntza teknikoa emanez, energiaren erabilera arrazionalizatzeko programak landuz eta eremu horretako energia-baliabide berriztagarrien aprobetxamendua sustatuz.

Energia aurreztera bideratutako hiri adimendunak

Agentziak energiaren kudeaketa adimenduna bultzatuko du, garraio elektrikoa, energia berriztagarriak, hiri adimendunak ("smartcities") eta banaketa elektrikoko sare adimendunak ("smartgrids") bultzatuz, energia gehiago aurrezteko eta isurketak murrizteko.

ATENAk tokiko energia-komunitateak sustatuko ditu, eta horiek eratzeko interesa duten pertsonei eta toki-erakundeei aholkularitza emango die. Ildo beretik, energia arloan aholkularitza eta laguntza teknikoa emango die administrazio publikoei, foru- zein toki-administrazioei, bai eta profesionalentzako prestakuntza espezializatua ere. Tokiko erakundeei laguntza teknikoa eskainiko die klimarako eta energia jasangarrirako ekintza-planak idatzi, gauzatu eta berrikusteko.

Halaber, karbono-dioxidoa xurgatzeko, karbono-hustubideak zaintzeko eta hobetzeko eta klima-aldaketara egokitzeko jarduera eta inbertsio publiko eta pribatuak sustatuko ditu. Energia-trantsizioaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren esparruko I+G+b proiektuetan jarduera eta inbertsio publiko eta pribatuak sustatuko ditu.

Bere eginkizunen artean, herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainak egitea nabarmentzen da. Agentziak planteatzen dituen energia-proiektuak herritarren parte-hartzera irekiko dira, bai diseinuan, bai finantzaketan.