Otsailaren 1ean Iruñean egitekoa den mobilizazio deialdiarekin bat egin dute 139 eragilek. Zazpi auzipetuei hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko isun ekonomikoa eskatu dizkiete, Aroztegiko kanpaldian parte hartzeagatik.

[
berria]
Aroztegiko Elkartasun Komiteak manifestaziora deitu du Otsailaren 1ean, Iruñean, Aroztegiko zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko, eta deialdi horrek jaso duen babesa adierazteko agerraldia egin dute gaur, Iruñeko epaitegien atarian. Hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isun ekonomikoa eskatzen dizkiete zazpi herritarri, Aroztegiko proiektuaren aurka egindako protesta ekintza batzuengatik. 139 eragilek bat egin dute manifestazio deialdiarekin, eta autobusak antolatu dituzte Euskal Herriko hainbat tokitatik.
Aroztegia hirigintza proiektuak Baztango Lekaroz herrian 225 etxebizitza, lau izarreko hotel bat eta golf zelai bat biltzen ditu. Baztango herritarrak hasieratik egon dira proiektu horren kontra. 2021eko apirilean eraikitzeko lanekin hastekoak ziren, baina herritarren protesten ondorioz, obrak gelditu behar izan zituzten. Lursailetan erresistentzia akanpadak egin zituzten, eta ekintza horiengatik auzipetu dituzte zazpi herritarrak. Horrez gain, enpresak 43 milioi euroren kalte ordainak eskatu dizkie Espainiako eta Nafarroako gobernuei.
Auzipetuei «talde kriminal antolatu bat» izatea leporatzen diete. Horren aurrean, Aintzane Ariztegik, Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideak, gaur Iruñean egindako agerraldian adierazi du talde kriminal bezala izendatzeak «aurrekari penal bat» sor dezakeela, eta «arriskua» ekar dezakeela herri mugimendu guztientzat.
Euskal Herriko zenbait herritan gertatzen ari denaren beste adibide bat dela adierazi du Oiher Urrutiak, komiteko beste kide batek. Benetako helburua «herri oso baten bizirauteko gogoa eta burujabe izateko borondatea zigortzea» dela esan du. «Ozen errepikatuko dugu herri hau ez dagoela salgai, eta mendez mende egin dugun gisan, bortxaz guztiona dena bereganatzera etortzen badira, aitzinean edukiko gaituzte», gehitu du.