Donibane Lohizuneko portuko arrantzaleak, kontrako korronteen artean iparraren bila
- 2025 - Mar - 04
Hozka egiterik ez da, amua botatzerik ez bada. Debekuak, zaintza, kuotak… neurriak ezartzeko arrazoiekin bat egin arren, horiek arrantzale ttipiengan dituzten ondorioen lekuko dira Mikel Epalza eta Eric Bonnamy. Aldaketa klimatikoaren eraginak begi bistan, Donibane Lohizuneko portuko arrantzaleek parean dituzten erronkak aztertu dituzte.

Euskal Herrian, arrantza eta itsas kultura beti izan dira garrantzitsuak, eta hori gorpuzten dute Donibane Lohizuneko portua bezalako tokiek. Portu honek, Lapurdiko kostaldearen bihotzean kokatua denak, itsasoari lotutako historia aberatsa du. Bertan, arrantzaleen tradizioak, itsasontzien historia eta itsasoarekiko maitasuna elkartzen dira.
Garai bateko bale-ehiztarien eta itsasgizonen abiapuntu, portu honek bere iragana harrotasunez darama. Gaur egun, bere izaera nabigazioaren eta turisten harat-honatek aldatu badute ere, portuak bere xarma gordetzen du oraino. Arratsaldeko argiak uraren gainean dirdira egiten duenean, txalupen siluetek azken olatuen musuak jasotzen dituzte. Bertako jatetxeetako arrain freskoaren usainak, itsasoarekin izandako lotura estuaren lekuko, zentzumenak esnatzen ditu.
Donibane Lohizuneko portua ez da soilik arrantza-jardueraren gunea; itsas kulturaren eta historiaren ikurra baizik. Bertako kaian, arrantzaleen solasaldiak, itsasontzien mugimendua eta arrain freskoaren lurrina eguneroko bizitzaren parte dira. Alta, xarma horren guziaren gibelean, eguneroko gogorra ezkutatzen da. Arrantzak gero eta erronka handiagoei egin behar die aurre. Garai batean euskaldunen ofizioa izandakoa gutiengo geroz eta apalago batera kondenaturik, zer gogoetatua bada. Horretarako hurbildu gara gaurkoan Mikel Epalza eta Eric Bonnamyrengana, biak ala biak arrantzan eta itsas gaietan adituak.
Txoko hauetan «itsasoko apeza» bezala ezaguna, Mikel Epalza 1946ko otsailaren 14an sortu zen Haltzun, zortzi anai-arrebaren artean bigarren. Bere gurasoak espainiar Gerra Zibileko errefuxiatuak ziren, eta familia Donibane Lohizunera joan zen bizitzera Mikelek 4-5 urte zituela. Orain, erretretan da urte luzaz arrantzale izandakoa, eta ekimen giristino anitzen jardueran jarraitzen du.
Eric Bonnamy (Biarritz), berriz, 1974ko agorrilaren 17an sortu zen Baionan. Herriko Etxean zinegotzia izan zen 2014tik 2020a bitarte, gaur egun arrantza zaintzan maila profesionalean jarduten duelarik.
Azken horrek ahalbidetu dio ikustea arrantza flotaren eboluzioak gora egin duela azken urteetan, eta gero eta ontzi handiagoak eta teknologia aurreratuagoak erabiltzen direla. «Hala ere, flota handi hauek maiz lehiatzen dira administrazio publikoek inposaturiko arrain kantitate mugatuen inguruan, eta horrek gatazkak sortzen ditu arrantzale txikien eta handien artean», ohartarazi du. Gaineratu duenez, flota modernoek energia gehiago kontsumitzen dute, «ingurumenaren kaltetan». Beraz, «flotak berriztatu eta jasangarriagoak bihurtzeko proiektuak garatu beharko lirateke, arrantzale eta administrazio publikoen arteko komunikazioa bermatzen duten egiturak bateratuz, proiektuak elkarrekin finduz, eta batez ere arrantza jasangarriagoa izan dadin arreta berezia jarriz inpaktu txikiena eragiten duten arrantza metodoekin» dio argiki Eric Bonammyk.
«Ipar Euskal Herriko ontzietatik bistaratu daitezkeen arazoak gaur egun mundu osoan itsasoan eta arrantza sektorean garrantzitsuak dira, eta horiek ulertzea ezinbestekoa da Euskal Herriko itsas tradizioa eta etorkizuna zaintzeko», adierazi du itsas apezak . Zentzu horretan, «aldaketa klimatikoa, arrantza neurri berriak eta debekuak, arrantza flotaren bilakaera, eta garai berrietara egokitzeko baliabideen falta dira gaur egungo erronka nagusiak» dio arrantzazainak.
Faktore horiek guziek eragin nabarmena lukete arrantzaleen bizimoduan eta itsasoko ekosistemaren orekan: «Aldaketa klimatikoak itsasoaren tenperatura igoarazi du, itsas korronteak aldatu ditu eta espezieen banaketa eraldatu du», baieztatu du biarriztarrak. «Itsas mailaren igoerak kostaldeko herriak eta portuak mehatxatzen ditu, eta horrek babes-neurriak eta egokitzeko estrategiak eskatzen ditu», gaineratu du Epalzak.
Horrek guziak, arrantzaleen ohiko arrantza-eremuak aldatzearekin batera, espezie berriak arrantzatzea eragin du, usaiako arrantza-jardueraren biziraupena kolokan ezarriz.
Arrantzaleen garai berrietara egokitzeko beharraz gogoetatu du Bonnamyk: «Egokitzeko beharra dago, baina horretarako, baliabide ekonomikoak, formakuntza eta laguntza teknikoak behar dituzte. Baliabide horiek falta badira, zailtasun handiak sortzen dira, eta horrek arrantza-jarduera tradizionalaren iraupena arriskuan jar dezake». Horregatik, administrazio publikoek eta erakundeek laguntza-programak eta finantzaketa proiektuak bultzatu behar dituztela defendatu du, arrantzaleen egokitzapena bideratze aldera.
Hain zuzen ere, azken urteotan Europako Batasuneko eta nazioarteko politikek arrantza-jarduera jasangarriago bihurtzeko neurri zorrotzak ezarri dituzte, hala nola arrantza-kotak eta eremu babestuak, baita debekuak ere, 2024az geroztik. Neurri hauek itsas-baliabideak babesteko beharrezkoak badira ere, arrantzale anitzentzat zama gehigarri dira, batez ere, baliabide ekonomiko mugatuak dituzten ontzi ttipienentzat. Honek eskatzen du arrantzaleek beren jarduera berrantolatzea eta teknologia berriak baliatzea, baina horretarako haien beharren neurriko laguntza eta finantzaketa behar direla aldarrikatzen jarraitzen dute.
Legatza eta sardina
Pirinio Atlantikoetako departamentuan, bereziki Ipar Euskal Herrian, Europako Batasunak ezarritako debeku horiek arrantzaleen lan aukeretan, eta beraz, euren ekonomian eragin zuzena izan dute.
Zenbakiak dira horren lekuko. Pirinio Atlantikoetako eta Landetako itsas arrantzaren eta itsas haztegien departamendu arteko komiteak argitaraturiko azken txostenaren arabera, legatza eta sardina dira arrantzatutako espezie nagusiak. Hala, lurraldeko sektorearen ekonomian pisu handia dute. Legatza da, dudarik gabe, gehien arrantzatzen dena, hau da, %44 (2.637.560 kg, hain zuzen). Nagusi da bolumenari dagokionez, baita balio ekonomikoari dagokionez ere: 11.228.404 € urtean. Sardinak, berriz, bolumen handia izanik ere (1.086.708 kg), balio ekonomikoa anitzez apalagoa dute, hau da, 820.139 € urtean.
Debeku horiek, alde batetik, itsas izaki migratzaileen arrantzaren gainekoak dira, arrain-populazioen kontserbazioa babestu eta ingurumenaren kudeaketa jasangarria izan dadin. Beste alde batetik, azken urteetan, arrain-populazioen murrizketa eta itsasoko ekosistemen kalteak nabarmen emendatu dira, eta horrek gobernuak zein Europako Batasunak arrantza tradizionalaren praktiken inguruan legeak gogortzea bultzatu du. Espezie batzuek, tartean legatza, sardina eta antxoa, beheiti egin dute, eta horrek, bistan denez, eragin zuzena du euskal arrantzaleen sektorean.
Epalza arrantzale ohiak bertako arrantzaleekin lotura estua izan du betidanik, eta gaur egun ere sektoreko ahotsetako bat da. Bere ustez, arrantza sektoreak bizi duen egoera arriskutsua da, eta Europako Batasunaren legeek eta debekuek arrantzaleen lan baldintzak larriagotu dituzte. Hala, Epalzak arrantzaren etorkizunaren inguruan kezka handiak ditu, dirulaguntzak sektorearen egiturazko arazoak konpontzeko aski ez direlakoan, «arazoa ez baita maila ekonomikora mugatzen».
Izan ere, gainerakoetan bezala euskal lurraldeko portuetan, Donibane Lohizunekoan kasu, frantziar Gobernua arrantzaleen jarduera zorrotz kontrolatzen ari da, lurraldeko arrain-kontserbazioaren mesedetan, baina espezie arrantzagarrien mugatzean, lanerako aukerak ttipitu eta lehiakortasuna areagotu egin da, eta merkatuaren lehia horretan, arrantzale ttipienak dira beti kaltetuenak, bi arrantza gizonek berretsi dutenez.
Izurdeen hiltzeak jatorrian
Debekuen jatorrian, hain zuzen, izurdeak daudela azaldu du arrantza zainak: «Azken urteetan konturatu gara gero eta izurde gehiago hiltzen direla gure kosten inguruan. Hondartzetan gorpuak ikusi izan ditugu azken boladan. Izurdeei azterketak egin, eta ikusi genuen izurdeen azaletan sare arrastoak eta zauriak zeudela». Bere ustez, ekologia zaintzeko betebeharra duten organismo publikoek arrantzaleen sareei eta arrantzatzeko metodoei bota zieten errua. Konponbide bat atzeman nahian, Bizkaiko Golkoan arrantza debekatzeko hautua hartu zuten frantziar Estatuko Ozeano Atlantikoko departamenduek, Bretainiatik hasita Pirinio Atlantikoetara, ugaztun hauek aktibitate handiena duten garaian, hau da, urtarrilaren 20tik otsailaren 20ra.
Garai horretan gertatu zenaren lekuko, «izurde arrantza debekatua egonda ez saldu ez kontsumitu ezin dutenez, uretara bota behar izaten dituzte gorpuak, eta bestela, hondartzetan utzi behar izaten dituzte», adierazi du Bonnamyk. Honi guztiari erremedioa aurkitu nahian, lehen fase batean, arrain arrantza kantitateak kontrolatu nahi izan zituzten, baina sistema berriztatzaile honek eraginkortasunik ez zuen lortu. Beste aterabiderik ezean, Europako Batasuneko botereek, frantziar administrazioaren bidez, lau astez arrantza pelagikoa debekatzeko erabakia hartu zuten, kontuan harturik izurdeek Bizkaiko Golkoko eremu pelagikoan (ur-azaletik 50m-tara) pasatzen dutela haien biziaren parte handiena.
Gauzak horrela, frantziar Gobernuak dirulaguntzak eskaintzen ditu, debeku garairako. Laguntza horiek arrantzaleen ibilgailuak eta arrantza-materiala berritzeko eta modernizatzeko balio dute, baina Bonnamyk nabarmendu duenez, dirulaguntzak ez dituzte debekuek ekartzen dizkieten galerak orekatzen, arrantza-eremuen murrizteagatik eta espezieen kantitateen gainbeheragatik. «Gobernuek sektorearen egoera erreala ulertu behar dute, gero eta egoera larriagoak bizi dituzte eta arrantzaleekin elkarlanean aritu behar dute irtenbide eraginkorrak bilatzeko», aldarrikatu du.
Bere ustez, arrantza sektorearen etorkizuna bermatzeko, beharrezkoa da debekuen eta neurrien arteko oreka atzematea, ingurumenaren babesa eta arrantzaleen bizibidea uztartuz. Horretarako, hainbat neurri proposatu ditu Epalzak: «Ikerketa eta garapena sustatzea arrantza-jarduera jasangarriak bultzatzeko, formakuntza eta berrikuntza programak garatzea arrantzaleentzat, lankidetza sareak indartzea sektorearen beharrak hobeto ulertzeko, merkataritza bideak zabaltzea tokiko produktuentzat, eta ingurumenaren babes proiektuak sustatzea arrantzaleen parte-hartzearekin».
Golkoko Korrontea
Donibane Lohizuneko portua biziarazten duen arrantza-eredua arrantzale ttipiena da, eta debekuak ofizioarekin aitzina egiteko zama bihurtu bazaizkie, zama hori astuntzen jarraitzen du aldaketa klimatikoak. Aldaketak berak soilik ez, honen kudeatzeko plantan ezartzen diren politikek ere bai. «Estatu Batuetan, klimatozeptiko baten lehendakaritzak egungo egoera ez du hobetzen, eta bitartean itsasoko tenperaturak eta itsas mailak etengabe gora doaz, ingurumenaren eta gizartearen etorkizuna arriskuan jarriz», ohartarazi du biarriztarrak.
Golkoaren Korrontearen moteltzea da aldaketa klimatikoaren ondorioetako bat. Honako hau Ozeano Atlantikoko korronte bero eta azkarra da, munduko kliman eragin handia duena. Mexikoko golkoan eta Ipar Atlantikoraino hedatzen da, Europa mendebaldeko klima epeltzen lagunduz. Bere moteldura tenperaturaren eta gazitasunaren aldaketekin lotuta dago. Gaur egun klima aldaketak eragindako munduko itsas korronteetako moteltzea, jariotasunaren ahultzea, zientzia adituen ustez, kezkagarria da, mundu osoko itsas ekosistemetan eragin handia izan dezakeelako.
Azken ikerketek agerian utzi dute Golkoaren Korrontearen moteltzea. 2021ean “Nature Geoscience” aldizkarian argitaratutako ikerketa* baten arabera, Golkoaren Korronteak azken mendean bere ahultasun mailarik handiena erakutsi du, kasik mila urtetan ikusi ez den mailan. Ikerketa horrek ondorioztatu zuen klima aldaketak, bereziki Groenlandiako izotzaren urtzeak eta honen ondorio den ur gezaren isurketak, eragin handia duela korrontearen moteltzean. Horrek mundu osoko itsas mailaren igoera, klima muturreko gertaeren areagotzea (udan muturreko beroa eta neguan, berriz, muturreko hotza) eta itsas-ekosistemen migrazioan aldaketak eragin ditzake, nahiz eta oraindik zer-nolakoak liratekeen zehaztu gabe izan.
Golkoaren Korrontearen moteltzeak eta ahultzeak ez dute soilik Euskal Herriko kostaldean eragiten, mundu mailan baizik. «Klima aldaketa eta itsas-ekosistemen funtzionamendua gaur egungo ikerketagai nagusiak dira, arrantzaleen eguneroko jardueretan ondorio larriak izanen dituztela aurreikusi baitute», zehaztu du Bonnamyk.
Sareak konpontzen, Donibane Lohizuneko portuan. (Guillaume FAUVEAU)
Korrontearen ahultze horrek Europako kliman aldaketa esanguratsuak ekar ditzake, tartean, negu hotzagoak eta eurite gehiago Europa mendebaldeko kostaldeetan. Horrek itsas-ekosistemen dinamika naturalaren aldatzea ekarriko luke, tenperaturaren jaitsiera areagotuz Europar kontinentean, itsas mailaren igotzea eraginez, besteak beste, Ipar Atlantikoan. AZTI ikerketa zentroak behin eta berriz jo du alarma fenomeno honek dakartzan arriskuengatik; hau da, finkatutako klima-eredua, arrantza-patroiak eta itsas ekosistemen dinamika eraldatzea.
Arrantzale ohiak azaldu du aldaketa horien guzien aitzinean tokiko arrantzaleak neurriak hartzen hasiak direla: «Euskal arrantzaleek aldaketa horiei aurre egiteko egokitzapenak egin behar izan dituzte, arrain-espezieen migrazioek eta lekualdatzeek sektorean eragina izan baitute».
Ofizioari segida emateari begira, egokitzapen gaitasunaren beharra azpimarratu du Bonnamyk. Funtsezkotzat du, adibidez, arrantzatzeko teknika berriak garatzea. «Euskal arrantzaleak jada aukera berriak bilatzen hasi dira, baina gobernuek, administrazioek eta arrantzaleek elkarrekin jarraitu behar dute lan horretan» egin du oharra, bide horretan gaiaren gaineko ikerketak gako izanen direla ezarriz mahaigainean.
Itsasoaren inguruko gizonentzat, zalantzarik ez da, Golkoaren Korrontearen aldaketek Euskal Herriko arrantzaleen egunerokotasuna antzaldatuko dute. Arrainen lekualdatzeak eta espezie berrien etorrerak ohikoak bihurtu dira, uraren tenperatura igoerarekin. Nagusiki, hiru espezie ezagunen ikusgarritasuna emendatuko dute gure kostaldean: «Baleztarrainek (Balistes capriscus), olagarroek (Octopus vulgaris) eta txipiroiek (Loligo vulgaris) inoiz baino presentzia handiagoa dute arrantzaleen sareetan», zehaztu du Bonnamyk.
Hala, itsasgizonek agerian utzi dutenez, euskaldunen ofizio zaharrak geroz eta baldintza gogorragoei egin behar die aurre. Abiadura bizian gailentzen ari zaizkien fenomenoek egokitzapenerako gaitasunaren mugetaraino iristera bultzatzen dute. Berrikuntza, egokitzapenak, horretarako laguntzak eta administrazioen arteko lankidetza halabeharrezkoak izanen dira sektoreak biziraun dezan. Norbaitek izatekotan, ordea, arrantzaleek dute ur nahasietan aitzina egiteko gaitasuna, portu onera helduko diren esperantzaz.
*Iturria: Nature Geoscience, 2021.