Saran eginiko agerraldi batean, ekainaren 2an, ELB sindikatuko laborariek baratzeko ekoizpenaren egoera larriaren berri eman dute, eta sektorea babesteko politika publiko zehatzak galdegin dituzte.

[
naiz:]
Frantziar Estatuan fruitu eta barazkien ekoizpenak jasaten duen babes faltaz ohartarazi dute Euskal Herriko Laborarien Batasuneko (ELB) hainbat kidek, ekainaren 2an, Saran, Maider Azarete eta Sebastien Renoux laborarien etxaldean egin prentsaurrekoan. Azpimarratu dutenez, «landare ekoizpena isilik eta ahantzirik» egon da luzaroan, nahiz eta elikadura burujabetzarako funtsezkoa izan.
Sektorearen garrantzia agerian ezartzeko xedez, ELBk adierazi du fruitu eta barazkien ekoizpena enplegu-sortzaile handia dela, eta gehienetan eskuzko lan intentsiboa eskatzen duela. Horretaz gain, ekoizpen horren %75 laborantza ekologikoan egiten dela eta salmenta gehiena tokiko merkatuetara eta zuzenean egiten dela gogorarazi dute. Bide horretatik, «lurraren errealitateak eta laguntza faltak arriskuan jartzen dituzte landare etxaldeak», salatu dute baratzezainek.
Laborarien sindikatuak ondoko errealitatea mahaigaineratu du: sektoreak ez du jasotzen Laborantza Politika Bateratuaren (LPB) laguntzarik, sistema horrek hektarea kopuruan oinarritzen baititu laguntzak. Horrek fruitu eta barazkigintza, eremu ttipietan aritzen dena, bazter utziko luke, kasik osorik. Era berean, ez dago ekoizpen horiei egokitutako asegurantzarik, ez eta «kalamitate naturalengatiko dirulaguntza eraginkorrik» ere.
Klimaren gorabeherak ere, hala nola euri jasa handiak, harria, haizea eta idortea, gero eta errepikakorragoak direla zehaztu du sindaktuak. Fenomeno horiek urtero etxaldeak ahultzen dituztela oroitarazi dute laborariek.
«Ipar Euskal Herrian, barazki eta fruituen %80 inportatua da»
Instalazio berriak egiteko ere oztopo ugari daudela azaldu dute laborariek, horien artean, lur egokien eskasia, hasierako inbertsio handiak eta finantza-karga handiak lehen urteetan. Hori dela eta, «landare ekoizpenetan hasten diren etxaldeen %23k jarduera utzi egiten du lehen sei urteetan», jakinarizi dute sindukatuko kideek.
ELBk ohartarazi du, gainera, Ipar Euskal Herria ekoizpen propioa areagotzeko beharrean dela: «gaur egun, bertan kontsumitzen diren barazki eta fruituen %80 inportatua da». Sindikatuaren arabera, elikadura burujabetza lortzeko, «gutienez bost aldiz» emendatu beharko litzateke tokiko ekoizpena.
Premiazko neurriak
Horren aitzinean, ELBk hainbat neurri martxan ezartzea eskatu du. Lehenik, kalamitate naturalek eragindako galerei erantzuteko mekanismo eraginkorrak galdetu ditu, lurra eskuratzeko bide errazagoarekin batera, instalazio berriei bidea emateko. Horrez gain, formakuntza eta prestakuntza programa espezifikoak eskatzen ditu laborantza ikastetxeetan (CFA). Inbertsioetarako eta ekoizpena babesteko laguntzak, hau da, «material ergonomikoa, izurriteen aurkako baliabideak… eta kotizazioei aurre egiteko laguntzak, batez ere uzta galera pairatzen den kasuetan», galdegin ditu sindikatuak.
ELBko laborariek oroitarazi dute fruitu eta barazkien sektorea «elikadura orekatua eta osasuntsua bermatzeko ezinbestekoa» dela, eta horregatik «presazkoa» dela politika publiko bereziak ezartzea. Bukatzeko, «lurraldearen eta kontsumitzaileen beharrak aintzat hartuko dituen babesa» eta hautetsi zein instituzioen engaiamendu zehatza ere galdetu dute, sektoreak aitzina egin dezan.