UAWCk Gernika-Palestinari igorritako txostena
1. Egungo egoera su-etenaren testuinguruan
Gazako egungo egoera hondamendia da hitzaren zentzu guztietan. Pertsonak beren eremuetara itzultzen direnean, ez dituzte beren etxeak aurkitzen, ezta auzoak ere, komunitate osoak suntsipen-maila izugarrian eta aurrekaririk gabe deuseztatuak izan baitira. Milaka gorpu daude hondakinen azpian lurperatuta, behar bezala berreskuratzeko eta lur emateko baliabiderik eta gaitasunik gabe.
Ez dago bizirauteko oinarrizko premiak asetzerik, ez edateko urik, ez babeslekurik, ez elektrizitaterik, ez elikagairik, ez arroparik, ez kanpin-dendarik. Gaixotasunak azkar zabaltzen ari dira saneamendu eta osasun-arreta faltagatik, eta heriotzen eta suntsipen-maila handiagatik. Hau ez da krisi humanitarioa besterik gabe; Gaza bizitzeko modukoa ez izateko nahita egindako kanpaina da.
50.000 pertsona baino gehiago hil dira, horien artean 10.000 haur baino gehiago, eta 120.000 zauritu, horietako asko desgaitasun iraunkorrekin. Gerrak Gazako nekazal lurren %67 baino gehiago suntsitu ditu, elikadura krisi larri batera bultzatuz. Israelgo okupazioak ospitaleak, eskolak, ur-sareak eta energia-iturriak sistematikoki suntsitu izanak ez du bizitzarako oinarririk utzi.
2. Beharrizan material premiazkoenak
• Elikagaiak eta ura: elikagai freskoen eta edateko eta etxean erabiltzeko uraren larrialdi-hornidura.
• Ostatua eta saneamendua: kanpin-denden, komun eramangarrien eta energia-iturrien premiazko beharra, itzulitako pertsonei ostatu emateko.
• Azpiegitura eta leheneratzea: Makineria astuna eta erregaia hondakinak garbitzeko, bideak berriro irekitzeko eta gorpuak berreskuratzeko.
• Bizirauteko oinarrizko elementuak: koltxoiak, mantak, burkoak, arropa eta higiene-produktuak, bizi-baldintzak gehiago ez hondatzeko.
3. Epe laburreko beharrizanak (nazioarteko elkartasun laguntza)
• Larrialdietarako babeslekua eta ur-soluzioak: aberriratutako pertsonentzako kanpalekuak ezartzea, ostatu, saneamendu eta oinarrizko zerbitzu egokiekin.
• Azpiegitura hidrikoa: putzuak zulatzea eta gatzgabetzeko plantak instalatzea, ur-hornidura jasangarria emateko.
• Oinarrizko laguntza: Zuzeneko finantza-laguntza (eskudirutan), kaltetutako familiek premia larriei erantzun ahal izateko.
Imajinaezina den suntsiketa jasanda ere, herri palestinarrak tinko jarraitzen du justiziaren, duintasunaren eta subiranotasunaren aldeko borrokan. Nazioarteko elkartasuna inoiz baino erabakigarriagoa da orain, berehalako laguntza emateko eta Gazan bizitza berreraikitzen laguntzeko.