Kintoa, iparraldeko sor marka berria [12 #ETXALDE]

logo-kintoaEuskal xerriaren produkzioaren garapen lanak saristatuak izan dira, Kintoa izeneko sor marka sortuko baita ondoko egunetan. Ipar Euskal Herriko laugarren sor marka da hau, Irulegiko arnoa, Ossau- Irati ardi gasna eta Ezpeletako biperraren ondotik.

Frantziako sor markak kudeatzen dituen INAO egiturak Kintoa sor markaren sortzea onartu dute azaroaren 24ko batzordean Parisen. Aldudeko ibarretik (Baxe Nafarroa) abiatu da produkzioa, euskal xerri arraza desagertzekotan zela 80 hamarkadan. 1995tik goiti, gelditzen ziren abereekin abiatu zen garapen lana eta gaurregun Kintoa izeneko haragiak eta urdaiazpikoak fama ederra dute, kontsumitzaile eta jatetxeen galdea laborarien eskaintza baino azkarragoa delarik. Frantzia mailan, sor marka baten sortzea prozedura luze eta konplikatua da, kalitateko zigiluetan zorrotzena baita, bai jatorriaren justifikazio aldetik, bai ekoizpen eta transformazio arauen aldetik. Sor markaren eskuratzeko galdea 2001ean egin zen eta 14 urtez aztertu da baimendu aintzin.

Bi arautegi onartu ditu INAOk, bat haragi freskoaren ekoizpenarentzat, bestea urdaiazpikoarentzat. Euskal Xerri sailan 80 bat eragile badira gaurregun: 75 ekoizle (sortzaile edota gizentzaile) batzuk transformazioa ere daramatenak, hiru transformatzaile, Aldudeko urdaiazpikoen idortzeko tresna kolektiboa eta Garaziko hiltegia. 2014an, 2600 xerri transformatu dira, hots 300 T, eta 5200 urdaiazpiko ekoiztu.

Kintoa sor markan izaiteko euskal xerri arraza hutsean lan egin behar da, hazkuntza kanpoan eramaiten da, pentze eta oihan pean, 40 xerriko taldeak izanez gehienez, eta 35 xerri hektara bakoitz gainditu gabe. Xerrien janariak ez du transgenikorik onartzen. Hamabi eta 24 hilabete artean hiltzen dira xerriak, 100 kilo gutienez dituela kanalak. Urdaiazpikoak 10 kilo gutienez behar ditu idortu aintzin eta 16 hilabetez gutienez idortzen da.

[12 #Elikaherria | 20 Orr.]