Martin Etxea, migratzaileen eta giza eskubideen defendatzaileen harrera-espazio bat
- 2025 - Ots - 26
Gallartako Santa Juliana auzoan, Martin Markiegik eta Periko Solabarriak lanera helduta komunitatearen eskubideen alde borrokatu zuten leku berean, migraziora jo behar izan duten pertsonei harrera egiten dien proiektu komunitario bat dago. Martin Etxea da, eta munduko kausa askorekin lotutako kontakizunak gordetzen ditu.
Gallartan, jatorrizko herria irentsi zuen Kontxa II meatzetik ez oso urrun, bada “aterpe” hitzaren adiera guztiak biltzen dituen etxe bat. Azken sei urteetan, horma horiek giza eskubideen babesleku izan dira, eta laguntza emateko eskuez inguratu dira, inklusiorako eta elkarbizitzarako sare sendo bat eraikiz. Tokia bera historia luzekoa da, eskubideen aldeko borroka zaharragoetan errotua. 60ko hamarkadan, Martin Markiegi eta Periko Solabarria langile apaizak ere Euskal Herrira lanera etorritako migranteen eskubideen defentsan aritu ziren auzo horretan bertan. Orain, historiaren hariak beste proiektu komunitario bat eraman du Santa Juliana auzora.
Martin Etxea du izena, eta bere seigarren urtemugan ateak zabaldu ditu, pilatutako esperientzia ezagutzera emateko. Migraziora jo behar duten pertsonentzat eta nazioarteko babesa behar duten lagunentzat harrera eta babes espazio bat eraiki dute, eta proiektua behar duten pertsonen eta euskal gizartearen arteko zubiak elikatu dituzte.
2019an abiatu zen egitasmoa, eta sei urte hauetan zehar 45 pertsona pasatu dira jada Martin Etxetik. Hamabi pertsona hartzeko lekua izan zen hastapenetan, baina 21 leku eskaintzen ditu gaur egun. Besteak beste, Kolonbia, Maroko, Guatemala, Sahara, Rif edota Palestinatik heldutakoak dira gaur egun proiektuaren babespean dauden 21 lagunak. GAUR8ri kontatu diotenez, aterpe soiletik haratago doan laguntza aurkitu dute han. Oso egoera zailen ondorioz aberria atzean utzi behar izan duen eta itzultzerik izango duen ez dakienarentzat, bigarren etxe bat eta familia da Martin Etxea, atseden hartzeko toki bat eta aurrera jarraitzeko bizitza proiektu bat hasteko bide eman diena. Martin Etxea, gainera, defendatzen dituzten kausak ezagutzera eman eta trukatzeko gunea da.
Lankidetza, giza eskubideak, generoa eta elikadura burujabetza bezalako arloetan lan egiten duen Mundubat Fundazioa dago egitasmoaren zimenduetan, Ongi Etorri Errefuxiatuak sarearekin lankidetzan. Forma hartzen joan den proiektuaren inguruan, gainera, eragile ezberdinen laguntza pilatzen joan da, eta horien artean nabarmentzekoak dira EHNE Bizkaia nekazaritza eta abeltzaintza sindikatuarena, pentsiodunen mugimenduarena, mugimendu feministarena edota Gallartako elkarteena, besteak beste.
Oso egoera delikatuetan heltzen diren lagunen harreran sakondu du Martin Etxeak, askotan jatorrizko herrialdeetan bizitza arriskuan dutenekin eta erbestera jo behar izan dutenekin... Bertan dauden lagun batzuek kontakizunak partekatu dituzte GAUR8rekin.
Gallartan egiten dituzten egonaldiak, batez beste, urte eta erdikoak izaten dira. Denbora horretan, laguntza pertsonalizatua jasotzen dute, arlo juridikoaren ikuspuntutik, egoera erregularizatzeko; lanbide prestakuntzari dagokionean, lana lortu ahal izateko, osasun arretarako, eta «haiek babesten dituzten nazioarteko erakundeen agenda propioa bultzatzeko».
Funtzionamenduari dagokionez, «autonomia osoa» dute Martin Etxean babesa aurkitzen duten pertsonek. «Haiekin ez dago inor», azaldu dute egitasmoaren bultzatzaileek. «Hemen hamabi lagun bizi dira orain, eta beste aldean, moja talde batek utzi duen leku batean, beste bederatzi bizi dira, eta tarteka jendea etortzen da», azaldu du Eneko Gerrikabeitia Mundubat Fundazioko koordinatzaileak eta proiektuko kideak.
Askotarikoak dira babes eskaleen profilak, «baina gehien bat giza eskubideen defentsan aritzen den jendea» izaten da.
Baratze ekologikoaren ingurua
Martin Etxea eraikitzen jarraitzen duen proiektua ere bada. Bertan boluntarioen lana da nagusi. Lehen solairuan, adibidez, pertsona errefuxiatuen prestakuntzan laguntzeko espazio bat egokitu nahi dute, tailer moduko bat sortzeko asmoz. Etxearen inguruko berdegunea, gainera, forma hartzen joan den ingurune natural ederra da, hainbat fruta-arbola ditu, egurrezko mahai eta jarlekuak, inguruan bista ederrak..., baratze ekologiko bat eta oilategia.
EHNE Bizkaia sindikatuaren laguntza dute solo horren ustiapen ekologikoari dagokionean, eta azken boladan, gainera, zenbait fruitu poteratzen hasi dira. Poteratzen erakusteko saioak ere egiten dituzte. Pote horiek etxean dauden pertsonentzat dira lehendabizi, eta baten bat soberan badago, komunitatean zabaltzen dituzte dohaintzen truke.
Martin Etxea topagune izaera markatu bat duen espazio handi bat ere bada. Hilabete oro, bigarren zapatuan auzolana egiten ohi dute etxeak dituen beharren arabera. Egun horretan, munduko janari ezberdinak prestatzen dituzte bertoko produktuekin. «Denerako boluntarioak» biltzen ditu Martin Etxeak. Gerrikabeitiak zehazten duenez, etxea bera moldatzen lagundu dute profesional boluntario ezberdinek: arkitektoek.... Eta etxe ondoko berdegunean ere, tokia txukuntzen joan dira eguraldi politarekin egoteko espazio eder bat sortuz. «Lehenengo bi urteetan boluntarioekin egin zen dena. Hau zuhaitzez beteta zegoen, bota egin behar ziren, dena txukundu behar izan genuen, teilatuak konpondu...», gogoratu dute.
Fokua gerra, jazarpena, mehatxuak... atzean utzi dituzten pertsona horien istorioetara bideratuta, Martin Etxean aurkitzen dituzten tresnez galdetu dugu. Paula Castro Vazquez gizarte langilea da, eta egoiliarrei iritsieratik eskaintzen zaien laguntza aletu du. Hasierakoa batez ere oinarrizko eskubideen ingurukoa izaten da, erroldatzeko prozesuan, osasun txartela lortzekoan... eta plan indibidualen lanketa heltzen da ondoren. Integrazio prozesuan funtsezkoak diren lan eta formakuntza arloetara heltzen da laguntza.
«Gure ikuspegia oso sozio-komunitarioa da, eskubideetarako sarbidean lan egiten dugu, baina boluntarioen sare handi bat dugu, tokiko gazte antolakundeekin, aisialdiaren ingurukoekin, talde ekologistekin... eta sare hori sostengu handi bat da herrialde berri batera heltzen diren pertsonentzat», dio Castrok.
Nabarmendu duenez, ibilbide horretan parte hartzea bultzatzen dute Martin Etxetik sustatutako jarduera ugaritan eta beste eragile batzuek antolatutakoetan zein hemengo tradizioekin lotutakoetan. Agate Deuna bera edo Abanto-Zierbenako auzoetako jaiak dira horren adibideak. Baratzearen inguruan egiten den auzolana biltzeko aitzakia ere izaten da.
Erbestearen kontakizunak
Baina zer diote erbesteratu eta Martin Etxera heldu diren lagun horiek? Istorio horietara gerturatu eta Martin Etxean aurkitu duten sare horretaz hitz egin du GAUR8k Liliana Ulchur kolonbiarrarekin. Caucako Departamentutik dator. «Nire lanean, giza eskubideen lider eta defendatzaile gisa, aktibista izan naiz, Kolonbiako nekazarien aitortzaren aldekoa, eta nire lurraldean, gure baliabide naturalak, ingurumena eta iturri hidrikoak, gure lurraldean dagoen aberastasun hidrikoa defendatzen aritu naiz». Aktibismo horrek «gure askatasunak eta bizitzak galtzea, gure lurraldeetatik irtetea eta erbesteratuak izatea ekarri digu», adierazi du.
Ulchurri ahotsa urratzen zaio kontatzen duenean eskubideen aldeko borrokak lagun askoren bizitzarekin amaitu duela, «haien artean nire bikote, borroka kide eta alabaren aitarenarekin». 2023ko abenduan izan zen. Carlos Quijano bikotearen lidergo handia eta nekazarien aldeko lanerako zuen grina azpimarratu du. Bera hil zutenean, Ulchurrenganako jazarpena areagotu egin zen. Urtarrilean herrialdetik irten behar izan zuen, eta handik gutxira, alabak ere hartu behar izan zuen erbesterako bidea. Berarekin hitz egin genuen egunean bertan urtebete zen Martin Etxera heldu zela.
Bizitako guztiaren ostean, Gallartara heltzean elkartasuna eta senidetasuna aurkitu dituela dio, «galera egoera horren ondorengo mina eta tristezia sendatzeko» beharrezko izaten den denbora tarte horretan. «Ez dut bakarrik bikote laguna galdu, alaba ere galdu dut, eta familia, Kolonbian geratu zirelako guztiak», erantsi duenez. Ulchurren esanetan, laguntzeko eta ekarpenak egiteko era asko bilatzen ditu Martin Etxeak, baina batez ere, «bide berrietan hasteko tresnak ematen dizkizun harrera-leku bat» da.
«Euskal seme-alabak»
Ulchurren ondoan, Fouad Sahidi riftarrak kontatu dio GAUR8ri bizitza berri bat hasi nahi duela Euskal Herrian. Duela hiru hilabete heldu zen. Kartzelan hiru urte eman ondoren, Rifeko herriaren askatasunaren aldeko liderrarekin egon zen espetxeratua, eta beste sei kidek espetxean jarraitzen dutela kontatu du. Rif Euskal Herria antolakundeko kidea da orain, eta sentitzen du Martin Etxean bigarren familia bat aurkitu duela, etorkizun berri bat eraikitzeko aukera. «Hemengo jendeak ahaldundu egin nau eta jarraitzeko indarra eman dit», adierazi du Euskal Herrian bizitza proiektu berri bat egin nahi duen aktibista riftarrak. Goi mailako gradu bat egin nahi du orain, lana aurkitu, Euskal Herrian instalatu eta «euskal seme-alabak izan».
Etxeak hartutako lagunen artean Mohamagem-Ram Ycmuy sahararra dago. Giltzurrunetako gaixotasun batek eraman zuen Gasteizera. Fronte Polisarioko nagusi batek esan zion Euskal Herrira etortzeko, bertan ez baitzuen sendatzeko aukerarik. Martin Etxeko borrokalari sahararrarentzat, senitartekoak dira proiektuko kideak: «Nire herrialdera itzultzen banaiz, ahal badut, ondo hitz egingo dut hemen aurkitutakoaz».
Sahararrarena eta kolonbiarrarena ez dira ahots bakarrak, Martin Etxean babesa hartu dutenen artean palestinar bat dago. Fouad Baker da eta pasa den azarotik dago Euskal Herrian. Libanotik irten behar izan zuen. «Libanon errefuxiatutako gazatarra naiz» dio, irmo, Bakerrek. Nabarmendu du kultura eta kontakizun ugari aurkitu duela Martin Etxean, izugarri eskertzen duela elkartasuna, eta hemendik kausa palestinarraren alde lanean jarraitzeko asmoa duela.
«Etortzea tokatzen zaielako»
Bakerrek bezala, Palacios kolonbiarrak erbeste istorio luze bat dauka. Union Patriotica alderdiko fundatzaileetako bat izan zen aita. Eskumaren mehatxu jarraitu horren ondorioz atzerriratu behar izan zuten, 36 urte eman ditu Uruguain, eta bide horretan, Gallartako proiektua ezagutu du orain. Kolonbiarra bat dator etxeko beste bizilagunek adierazitakoarekin, eta ez da bakarrik jasotako elkartasuna, xamurtasuna... beste kausen alde jarraitu ahal izateko aukera ere suposatzen du.
Istorio horietan guztietan, bizitzak eta kausa ezberdinak daude, eta horiek Martin Etxeak partekatzen duen altxorra ere badira. Badute, gainera, nolabaiteko lotura iraganarekin.
Martin Markiegiren anaia den Iñakik legatu hori azaldu du. «Bera hil ondoren hasi zen proiektua, eta bera langile apaiza zen, 60ko hamarkadatik hemen lan egin zuen Periko Solabarriarekin. Meatzeetara lan egitera zetozen migranteekin hasi ziren lanean, hau guztia txabolaz beteta zegoen garai batean. Hau guztia txabola ilara bat zen, beheko elizaraino», esan dio GAUR8ri etxe ingurua seinalatuz. Gogoratu duenez, Gallarta leku seinalatua da, eta Abanto-Zierbenako udalerriko herri bezala, auzoa bera migratzaileen integrazioari eta eskubideen aldeko borrokari lotuta egon da beti.
«Guk oso argi daukagu gure herria, Euskal Herria, unean-unean bertan bizi eta lan egiten duten pertsonez osatuz doala, eta orduan, 60ko hamarkadan, garai hartan egon zen immigrazio guztia sartzea tokatu zen, eta herri bakar bat egitea, egin zen bezala. Orain gauza bera egitea dagokigu, orain beste immigrazio-olde bat datorkigu klima-aldaketagatik, gerrengatik, errepresaliatutako jende guztiarengatik, lider sindikalengatik, ingurumenagatik, hainbat herriren borrokengatik, etortzea tokatzen zaielako... Guztion artean herri bakarra egin behar dugu», adierazi du Markiegik.