Sindikatuek eta Etxaldek 2024ko Lan Ezbeharren Txostena argitaratu dute

LAB, STEILAS, ESK, EHNE, HIRU sindikatuek eta Etxalde mugimenduak argitara eman dute Euskal Herriko 2024. urteko lan-ezbeharrei buruzko txostena. Txostenak erakusten duenez, 2024ko ezbehar-tasaren datuek 2023koak gainditzen dituzte. Horren arrazoia da, besteak beste, ez dela neurri eraginkorrik hartu lan-istripuak saihesteko, eta, beraz, aurreko urteetako joerari eutsi zaio.

Azken urte luzeetan Euskal Herriko langileria zerbitzu publikoen eraispen eta pribatizazioa jasaten ari da. Zerbitzu publikoak ez dira behar bezala garatu, eta orain, garapen hori indartu beharrean, pixkanaka ahultzeko hautua hartuta dute Hego Euskal Herriko instituzioak gobernatzen ari diren alderdi politikoek.

Ez da egun batetik bestera gertaturiko eraldaketa, poliki eta tantaka egiten ari direna baizik. Pribatizazioan urratsak ematen eta zerbitzuen kalitatea okertzen ari dira, aldi berean, langileen lan baldintzak ere okertuz.

ONDORIO NAGUSIAK

1. Aurtengo laneko ezbeharren datuek aurreko urteetako hausnarketa berresten dute. 2024 urteko istripuen datuek, 2023ko datuak gainditu dituzte bai sindikatuok kudeatutako datuetan zein datu ofizialetan. Ez da lan istripuak ekiditeko neurri eraginkorrik hartu, eta ondorioz, aurreko urteetako joera mantentzen da. Sektore jakin batzuetan istripu larri edo hilgarriak pairatzea errazagoa da, basogintza, eraikuntza, garraioa, industria, etab.

2. Laneko gaitzei dagokienez, bai EAEn bai Nafarroan 2023an adina gaixotasun izan dira aitortuak, baina mutualitateek egiten duten azpierregistroak iruzur ariketa lotsagarria jarraitzen du izaten. Osasunerako Munduko Erakundearen esanetan, minbizi guztien %30-%40 bitartean izango litzateke lanak eragina, aldiz, Euskal Herrian gutxi batzuk dira aitortuak. Amiantoak gaixotutako langileen aitortza, berriz, nekeza da, askotan hil ostean iristen dena. 2024an ASVIAMIE eta ADAVAN amiantoaren kalteen inguruan lan egiten duten erakundeei esker Hego Euskal Herrian 30 heriotzen berri izan dugu, laneko gaitzek eragindako heriotz horiek ez dira datu ofizialetan ageri. Zer esanik ez jatorri psikosoziala duten arazoen inguruan, modu nabarmenean sektore feminizatuei eragiten diete, eta gaitz horiek ez daude aitortuak laneko gaitz bezala. Lanak eragindako gaixotasun muskuloeskeletiko gehienak, sektore feminizatuetan intzidentzia handiagoa dutenak, kontingentzia arrunt bezala izendatzen dira enpresen ardura saihesteko. Laneko gaixotasunak ikusezintasun handienera daude kondenatuta oraindik, zer esanik ez emakumeen kasuan. Lan batzuk hil egiten dute, beste batzuk ez dute bizitzen uzten.

3. Datu ofizialek errealitatea ezkutatzen dute:

    • Istripuen komunikazioa enpresak berak egiten du. Milaka istripu arin komunikatu gabe geratzen dira eta langileak botikinean edo lanorduz kanpo anbulategietan artatzen dituzte.
    • Istripuen kalifikazioa ez da irizpide objektibo batzuen baitan egiten, ez direlako irizpide horiek legalki araututa. Beraz, Mutualitateko sendagileak erabakitzen du istripu bakoitzaren larritasunaren izendapena, teorian kriterio teknikoz, baina gure ustez, Mutualitateak markatutako irizpide enpresarialez. Beraz, ezin dugu ondorio fidagarririk atera gai horri dagokionez. Laneko istripuak igo egin dira oro har, baina istripu arin eta larrien bilakaera aztertzeko zailtasunak ditugu.
    • Azken urtean Mutualitateen ariketa zital berri bat azalerazten ari da indar handiz. Enpresek aitortutako eta komunikatutako istripu traumatikoak ez onartzea. Adibide larriak daude, enplegu zentru berezietan kasu: istripu traumatiko nabarmenenak ere ez dira lan istriputzat onartzen. Horretarako Mutualitateek, langilearen aniztasun funtzionala baliatzen dute eta enpresaren arduratik aldentzen dute lesioa. Iruzur horrek, baja arrunta tarteko, langilearen soldatan du eragina eta askotan borondatezko altak eskatzera beharturik ikusten dira ekonomikoki itota geratzen direlako.
    • Mutualitateen iruzurrarekin jarraituz, laneko heriotzen ukazio kasu bat aipatuko dugu. Joan zen irailaren 16ean Irunberrin eraikuntza lanetan ari zen 42 urteko langilea aldamiotik erori eta zauri larrien ondorioz hil zen. Hasiera batean ofizialki lan istripu bezala kudeatu zen arren, Mutualitateak Osasunbideak eginiko autopsiaren datuak eskuratu zituen eta hauek baliatuz eragin laborala ukatu zuen istripu arrunt kalifikatuaz. Mutualitatearen praxiak printzipio prebentiboak hankaz gora ipintzen ditu istripuen multikausalitatea baztertuz, honekin lanak eragindako arriskuak ezkutatu eta neurriak integratzea eragotziz.
    • Adibide horiek eta beste hainbatek erakusten dute absentismoa ke kortina bat dela eta arazo nagusia laneko arriskuak direla, patronalak legedia urratuz eragiten dituen arriskuak, emaitza latzekin: 64 hildako eta 102.000 istripu traumatiko.
    • Sindikatuok lan istripuz hildako 64 langile zenbatu ditugu; aldiz, administrazioak 47 heriotz aitortu ditu. Gobernuek hainbat amarru erabiltzen dituzte heriotzak ezkutatzeko, auto istripuz hildako langileak ez aintzat hartu, heriotz ez traumatikoak saihestu, eta gero eta argiago ikusten ari garen bezala istripu traumatikoak ere onartu gabe.
    • Laburbilduz: Mutualitateek saihestu ezin ditzaketen istripuak soilik dira onartuak, edozein aitzakia erabili dezakete istripuen jatorri laborala ukatzeko. Hori datu ofizialtzat hartzen dute gobernuek eta patronalak amarrua baliatzen du absentismoaren gaia aireratuz benetako arazoa, laneko osasun galera, ezkutatzeko.

4. Heriotza ez traumatikoen faktore laborala ukaezina da. Azken urteetan jendartean eman den intzidentzia kardiobaskularraren beherakada nabarmenak ez du islada berdina izan lan munduan. 2006tik gaur arte Estatu espainiarrean bihotzekoak jota hildakoen kopurua %40 jeitsi da, eta Hego Euskal Herrian ere joera antzekoa izan dela pentsa liteke. Hau, orokorrean, bizitza joera osasuntsuagoen ondorioa dela esan dezakegu. Aldiz, Hego Euskal Herriko langileria aktiboan bihotzekoen intzidentziak 2006ko kopuruak mantentzen ditu. Ulertu dezakegu, beraz, laneko faktoreek, estresa, gero eta erritmo altuagoak, presioa, prekarietatea, etab, eragin nabarmena dutela heriotz mota honetan.
5. Emakumeen lanaldi bikoitzak eragin zuzena dauka lan osasunean. Oraindik ere emakumeak etxeko eta zaintza ardurez neurri handiagoan arduratzen dira, enpleguaz gain etxeko eta zaintza lanak eginez lanaldi bikoitzera kondenatuak daude. Presioak eta estresak osasunaren galera dakar, eta arazo muskuloeskeletikoak ere nabarmen igotzen dira kasu horietan.
6. Gizarte segurantzan afiliatutako langileen %73k zerbitzuen sektorean dihardu eta etengabe gorantz doa kopurua. Zerbitzuek gero eta pisu handiagoa izatearekin batera, lehen sektoretik gero eta urrunago dago jendartea eta ekoizpen prozesu gutxiago du; hori horrela, istripuek beheranzko joera izan beharko lukete, baina ez da horrela izaten ari.

EMAKUMEEN EGOERA IKUSEZIN

Laneko istripuen ondoriozko datuak aurkeztean emakumeen eta sektore feminizatuetako langileen osasun galera eta heriotzak ikusezin uzteko arriskuan eror gaitezke berriz ere. Laneko osasunaz ari garenean ere, emakumeen errealitatea ikusarazteko saiakera berezitua egin behar dugu. Izan ere:

    • Sektore feminizatuetako gaixotasun profesional gehienak ez daude aitortuta eta ez dira kontuan hartzen: izan zeregin errepikakorrekin eta karga-zereginekin lotutakoak eta sistema muskulo-eskeletikoan eragin zuzenak dutenak, izan aitortu gabeko zaintza lanei lotutako arrisku psikosozial guztiak, osagai emozional oso altuak dituztenak. Estresarekin lotutako gaixotasun maila ia bi aldiz handiagoa da emakumeetan (gizonekin alderatuta). Hori, aldi berean, bihotzeko gaixotasunekin, muskuloeskeletikoekin, depresioarekin eta akidurarekin lotzen da (NIOSH 2018), baina gehienetan gaixotasun arrunt gisa tratatzen dira, patronalen mutualitateetara jotzen dugunean sistematikoki ukatzen baitute gaixotasun horien laneko jatorria.
    • 10 urtean, emakumeen laneko gaixotasunak %44 gehitu dira eta hori aitortutakoak baino ez dira, badakigulako askoz gehiago direla aitortu gabeak, baina gertatzen diren prekarietate egoerengatik eta patronalen mutuek patologien lan-jatorria ukatzen dutenez, errealitatea askoz larriagoa da.

Esku artean dugun txostena aztertzerako garaian, beraz, emakumeen lan osasunaren urraketen ikusezintasuna kontuan hartzeko elementua izango da.

LAN ISTRIPU HILGARRIAK

LAB, STEILAS, ESK, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek 2024an lan istripuetan zenbatutako hildako langileak 64. dira; horietatik 38 EAEn gertatu dira, 17 Nafarroan, eta beste 9 atzerrian edo itsasoan hildako euskal langileak dira. Kopuru hori ezagutza izan dugun istripu hilgarriena da, gehiago ere izan litezke

Berriro datuek berresten dute sektore jakin batzuetan istripuz hiltzea errazagoa dela: basogintza, industria, garraioa, eraikuntza, nekazaritza, arrantza, etab. Sektore horietako batzuetan araudi berezitua izanik ere, hilkortasun tasa nabarmen altuagoa da. Nahiz eta azken urteetan aktibitate arriskutsuetarako lan osasunerako araudia egokitzen joan den, oraindik ere istripu tasak oso altuak izaten jarraitzen dute. Aztertutako istripuen atzean beti araudia ez betetzea gailentzen da.

Aztertzekoa da ere eremu azpikontratatuan izaniko heriotza kopuru altua. Behin eta berriz salatu dugu azpikontratazioaren eraginez prekarietatea eta lan baldintzen okertzea areagotu egiten dela, eta lan osasunaren bermea ez da salbuespen bat. Azpikontratazioak patronalaren gastuak murriztea du helburu, langileen lan baldintzen bizkar. Azpikontratetako langileen lan osasuna bermatzea, beraz, patronalaren kezken artean azkenetarikoa da.

Bestalde, ohiko istripuetatik haratago heriotza “ez traumatikoek” presentzia oso garrantzitsua dute, arazo kardiobaskularrek sortuak, hain zuzen, istripu hilgarrien %30.

Historikoki, bai patronalak bai administrazioak “heriotza natural” bezala izendatu dituzte, baina denbora pasa ahala eta datuen ezagutza zabalagoa izanik, laneko faktoreen zerikusia gero eta nabarmenagoa da. Istripu multikausalak dira, pertsona bakoitzaren berezko faktoreez gain, bizi ohiturek ere badute beren eragina. Lanak eragindako faktore garrantzitsuenen artean, estresa eta arrisku psikosozialak dira beste osagai garrantzitsua errealitate honen atzean eta azken urteetan hoberantz egin beharrean okerrera egin dugu, nabarmen. Egun, Osalanek zein NOPLOIk, euskal langileriak pairatzen duen lehen arrisku faktore bezala aitortzen dituzte arrisku psikosozialak.

Azken 15 urteetan, Espainiako estatuan (jendarte osoan) arazo kardiobaskularrek eragindako heriotzek behera egin dute nabarmen Osasun Ministeritzaren arabera. 2006 urtean 22.028 heriotza izatetik, 2021ean 13.463 izatera. Aldiz, lan munduan ematen diren heriotza ez traumatikoek ez dute beheranzko joera erakutsi, batzuetan igo ere egin dira. Gainera, kontuan izan behar dugu laneko orduetan hildakoak soilik daudela kontabilizatuta. Kotizatzen ari den langile kopurua areagotzeak ez luke inondik inora justifikatuko heriotza ez traumatikoen kopuru hori, jendarte osoan ematen ari den beheranzko joera horrekin konpentsatuko litzake hein handi batean. Honela, laneko arrisku faktoreen eragina nabaria dela adierazi behar dugu, urtetik urtera estresa eta arrisku psikosozialak gero eta ugari eta bortitzagoak dira, eta horrek heriotza ez traumatikoen kopuru altuan eragina du.

Langileen heriotzen %30 eragiten duen arrisku faktore horren inguruan Osalan eta NOPLOIek izugarrizko lana dute egiteko eta lanak eragindako faktoreen kontrolean eskuhartzeko. Ezin dugu onartu, orain arte bezala “heriotza natural” modura kudeatuak izatea, nahiz eta tamalez aipatu erakundeek eskema horietan jarraitzen duten.

Langile kopurua aintzat hartuta, basogintzak utzi ditu aurten ere datu latzenak: 3 heriotza eta hainbat istripu larri. Urtez urte sektore arriskutsuena dela erakusten jarraitzen du. 1.000 langile inguru daude langintza horretan eta heriotza tasa oso altua izaten jarraitzen du. Lan baldintzak oso gogorrak dira eta patronalaren partetik lan osasunerako araudiaren betetze eza oso normalizatua dago. OSALANek eta NOPLOIk urtero garatzen dituzten gomendio planen porrotak heriotz zerrenda elikatzen dute. Aurten intersindikaletik hainbat ekimenen ostean neurri bateria bat proposatu diegu Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiei, baita Gipuzkoako Batzar Nagusiei ere; gaur arte erantzunik ez dugu jaso.

Garraiolarien egoerak ere aipamen berezia eskatzen du, gero eta estuagoa da. Sektoreko langileen baldintzak urtetik urtera gogortzen ari dira. Nazioarteko merkatuek, estatuen inongo babes neurririk gabe, lan baldintzak kaxkartzen dituzte, sektore eta lanbide globalizatu horretan. Nafarroan eta Gipuzkoan sektoreko hitzarmena 2008tik berritu gabe dago, horrek dakarren prekarizazioarekin. Hitzarmenen berritzea lan osasunean hobetzeko neurri garrantzitsuenetarikoa da.

Iaz hamar langile hil ziren lan-istripuz, aurten 14. Horietatik 4 istripu “ez traumatiko” izendatuak izan dira, sarri kamioian geldi, kabinan zeudela gertatutako ezbeharrak. Lanaldi luzeek, estres maila altuak, lan sedentarioa izateak, digitalizazioaren bitarteko kontrol zorrotzak eta presioak eragin latzak ditu sektorean, istripu traumatiko edota ez traumatikoak pairatzeko agertoki ezin-hobea da garraioa.

Aipagarria da, batetik, hildako garraiolarien adina. 50 urtetik gora zituzten ia denek. Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, ez dago garraiolari gazterik, lan-baldintzak ez direlako batere onak. Sektoreko jubilazio adina segurtasun ikuspegitik erregulatzeko beharra dago, beste ofizio batzuetan egin ohi den bezala, 60 urtetan kokatuaz.

Eta hildakoak gertatzean ez daitezela lan-istripuen estatistika ofizialak murrizten saiatu. Administrazioak ez ditzala heriotza natural edo errepideko trafiko ezbehar gisa hartu. Lan istripuak dira, argi eta garbi. Garraiolaria lanean ari zirela gertatzen dira.

Industria sektoreak 19 hildako utzi ditu aurten, iazko kopurua berdinduz. Azken urteetan salatzen gatozen moduan istripu horietako asko makina erremintaren araudia betetzen ez delako sortzen dira, aurten 7 hildako. Aurten ere, harrapatzeagatiko istripu eta kolpe istripu larriak eman dira, eta guztiak izan dira makimen araudia bete ez duten kasuak. Errealitatean, inork ez du kontrolatzen araudia behar bezala betetzen denik, enpresaren borondatearen esku geratzen da praktikan. Konparazio bat egite aldera, ez dago Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT)rik makinetan, autoetan gertatzen den bezala. Honela, langileontzako eskuragarri dauden makina kopuru izugarri batek ez luke balizko makinentzako IATa pasako. Ondorioa gure bizitzarekin ordaintzen dugu.

Industrian ere istripu ez traumatikoen eragina aipagarria da eta honekiko antzematen den lanarekiko lotura ere, aurreko paragrafoan aipatu dugun bezala.

Eraikuntzak 2024an 11 hildako utzi ditu Euskal Herrian, 2023ko datuen bikoitza. Hala, 2023ko datuek erakusten zuten beheranzko joera eteten dute 2024koek. Iazko datuek hilkortasunean erakusten zuten beherakada eta ez sektoreko istripu metatuan. Eraikuntzako heriotzek lotura zuzena izan ohi dute altueretako erorketekin eta aurten 11 hildako utzi dituzte erorketek. Eraikuntza, basogintza eta garraioarekin batera, sektorerik hilgarrienen artean dago.

Nekazaritzak eta arrantzak 5 hildako utzi dituzte. Nekazaritzari dagokionez, istripu bat traktore bat irauli izanak eragin du eta beste bi Nafarroa hegoaldeko baratzeetara
iristeko autoek pistetan izandako istripuak izan dira heriotza eragileak. Traktoreen istripuen atzean mantenu falta, prebentzioa eta formakuntza urria izan ohi dira, lan tresna mekaniko horrek dituen arriskuak gutxietsiz. Baratzeetarako bidean ematen diren istripuek prekarietate osagaia dute nagusiki, egokiak ez diren ibilgailuak, mantenu eskasarekin, lur labainetan. Orain 3 urte txirrindaz zihoala hil zen baratzeetako langile bat auto batek jota; esan bezala, sektoreak prekarietatea du arrisku faktore nagusi.

Errepideetan (in itinere/in misio) hildako langile kopuruak gora egin du 2024 urtean, 15 heriotzen berri izan dugu. Nafarroan gertatzen dira istripu horietako asko, joan zen apirilaren 28an Iruñeko Gazteluko Plazan ekintza batekin salatu genuen bezala. Nafarroan ematen den zentralizazioak egunero desplazamendu kopuru izugarria eragiten du, eta horren atzean errepideko lan istripu kopuru handia dago. Zentralizazioak erabaki politiko suntsitzaile bati eragiten dio, herriak eta aranak ustutzen dituena, Nafarroaren beraren izaera apurtuaz. Sindikatuok horren aurrean neurri sorta bat mahai-gaineratu genuen, Gobernuaren aldetik inongo erantzunik eman ez bada ere, gaur arte.